Kubo berri bat izango dute herritarrek, asteburu honetatik aurrera. Bakoitzak bere gantxoan aurkituko du errefusarentzako kuboa, etxera eramateko. Gaur eta bihar banatuko ditu Udalak, eta urriaren 4tik aurrera erabili beharko dira.
Aurrerantzean, beraz, errefusa ezingo da poltsetan atera, kuboetan baizik: gris kolorekoak eta 7 litroko edukiera dutenak. Udalak aldaketa egitea erabaki du, batzuetan deserosoa eta arriskutsua izaten delako hondakin biltzaileentzat, errefusaren poltsak jasotzea. Izan ere, poltsak lurrean topatzen dituzte maiz, eta baita kristal zatiekin ere. Kuboak erabilita, arazo horiek konpontzea espero dute.
Bakoitzaren gantxoetan jarriko dituzte errefusaren kuboak, asteburuan zehar, etxera eramateko.
Organikoaren kuboari poltsa jartzeko aukera
Beste aldaketa bat ere izango du Atez Ateko bilketak, urriaren 4tik aurrera. Udalak baimenduko du organikoaren kuboari poltsa edo paperezko zorro konpostagarria jartzea. Eskaerak jaso dituzte herritarren aldetik, eta aukera emango dute. Edozein kasutan, orain arte bezala jarraitzea gomendatu du Udalak.