Usoak, oilagorrak, birigarroak… ehizatzeko garaia laster iritsiko da eta Aranon hasi dira postuak egiten. Aranoko Ehiztarien Elkarteko kideek, urriaren 1a baino lehen egin beharko dute bakoitzari dagokion postua. Matxolaburuko 3 postuak, berriz, gaur eginen dituzte bazkide boluntarioen artean.
Sistema rotatiboa
Aranon denera, 24 postu daude. Horietatik 21, sistema rotatiboaren barruan sartzen dira eta urtero urtero, bazkide bakoitzari postu bat egitea tokatzen zaio eta denboraldia bukatzean, garbitzea. Urtero txandatuz joaten dira postuak. Hau da, aurten 1 postua egitea tokatzen zaionari, hurrengo urtean 3a tokatuko zaio, eta handik urtebetera, 5a... Binaka doa. Ehizerako ere, sistema bera erabiltzen dute. Urriaren 1ean hasiko dira ehizean eta egun horretan, bakoitzak egindako postua izanen du. Hurrengo egunean, berriz, bi zenbaki geroagokoa. Postu horietatik 6, Errekalkon daude eta gainerakoak, San Migel soron.
Falta diren beste 3 postuak Matxolaburun daude, eta esan bezala, bazkide boluntarioen artean egiten dituzte horiek. Postu horiek ez dira zozketatzen ez txandatzen, libreak izaten dira. Postuak bazkideentzat bakarrik dira. Bazkide izateko baldintzak, urteko batzar orokorrean zehazten dituzte elkartean. Postu bakoitzean, 2-3 lagun aritzen dira, dauden bazkideen arabera.
Oilagorra, ehiza izarra
Hegaztien artean, Aranoko ehiza izarra oilagorra dela diote. Halaxe azaldu du Xabier Legarreta elkarteko kideak: «Inguru hau, oilagorretarako da onena. Pasekoa, denboraldi hasierakoa dexente sartzen da. Usoarekin konparatuz, behintzat. Urtean, adibidez, denera 200-300 oilagor botako dira, eta usoa 40 ere ez».
Lehengo urtean, oso gutxi
Orokorrean, ehiztariak kexu izan ziren lehengo urtean, gutxi bota zutelako. Aranon ere halaxe izan zela dio Legarretak: «Joera aldatu egin da. Gero eta beranduago sartzen dira, edozein tokitatik, eta oso altu». Aurtengoa denboraldi hobea izanen den esperantzan daudela azaldu du.
Elkarte gisa, 8 urte
Aranoko Ehiztarien Elkartea orain dela 8 urte jarri zen martxan ofizialki. «Elkarte bat sortu beharra zegoela esan ziguten, legalki, eta orain dela 8 urte jarri genuen martxan ofizialki. Hala ere, Aranon beti izan dira ehiztariak eta ehiztari taldea», dio Jabier Ansa presidenteak. Elkartea sortu zenetik, presidente lanetan dihardu Ansak. «Bi urtetarako da berez, baina...». Denera, 52 bazkide daude elkartean.
Basurde denboraldia, ongi
Basurde ehiza ere asko ugaritu da Aranon eta basurdetan ibiltzen diren aranoarrak gustora dira aurreko denboraldiarekin eta baita hasi berri denarekin ere. Lehengo asteburuan, 3 basurde behintzat bota zituzten. Iraileko lehenengo asteburuan ireki zen basurde denboraldia eta otsailaren azken aldera itxiko da. Ostegun eta asteburuetan izaten da basurdeak ehizatzeko aukera. Goizeko 09:00ak aldera hasten direla azaldu dio Kronikari Markox Mitxelenak eta eguerdiko 13:00ak aldera arte ibiltzen direla. 20 bat lagun elkartzen omen dira. Benta Berrin dagoen Muxarra elkartekoak dira. Arano eta Ereñotzuko ehiztariak dira gehienak.
Lehenengo zakurzaleak ateratzen direla azaldu du Mitxelenak eta walkien bidez abisatzen joaten direla nondik bidea itxi: «Hala ere, topatzen dute bai, alde egiteko modua», dio. Astean zehar, basurde arrastoak kontrolatzen ibiltzen direla ere gaineratu du.
Azken urteetan, basurdea ugaritu egin da Aranon. Diotenez, eragina izan du azienda gutxitzeak. Ondorioz, mendia ez baitago hain garbi eta basurdeak gordetzeko leku aproposa du. Ezkurra ere, ez dute falta.