Liga etxean hasiko du gaur Umore Onak

Kronika - Erredakzioa 2014ko irailaren 27a

Ostiko taldea izanen dute aurrez aurre, 19:00etatik aurrera. Beterano askok taldea utzi dute eta gazteak dira nagusi aurten, Umore Onan.

Gaur ekingo dio denboraldiari Umore Ona taldeak, areto futbolean. Eta hasteko, etxean jokatuko dute. Ostiko taldea izanen dute aurrez aurre, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Herriko eskola publikoan jokatuko dute. Aurten ere, Gipuzkoako Ligan ariko dira goizuetarrak, hirugarren mailan.

Gehienak, gazteak
Mikel Perurena jokalaria da taldean geratu den beteranoetako bat. Gehienek taldea utzi dutela azaldu dio Kronikari eta orain gazteak direla nagusi taldean: «16-21 urte bitartekoak dira gehienak. Gero, 23, 25, 27 urtekoak gaude. Hobentxuenak joan dira eta kaxkarrenak geratu gara», dio umorean. Iazko moduan ibili nahiko lukete denboraldi honetan: «Erdial­de­an bukatu genuen eta aurten ere gustatuko litzaiguke. Disfrutatu eta ahal ditugunak irabazi. Hala ere, aurten gehiago kostako zaigula uste dut...».

Bizipoza herriari
Taldearen helburu bakarra, ongi pasa, izerdi pixka bat bota eta herriari bizipoza ematea dela azpimarratu du Perure­nak: «Herrian ez da deus izaten bestela eta futbolaren ai­tzakian 100 bat lagun elkar­tzen dira. Guk ere aprobetxa­tzen dugu. Partidua kanpoan baldin badugu, kanpoan afaltzen dugu eta etxean denean, soziedadean. Ongi pasatzen dugu».

Entrenamenduak, astean bitan
Entrenamenduak astean bi egunetan egiten dituzte: astearte eta ostegunetan, 18:30etatik 20:00ak, 20:30ak aldera arte. «Askotan beranduago hasten gara, jendea ez baita puntual azaltzen. Noski, hasieran lasterka egiten dugu eta berandu etorriz gero, denbora gutxiago, lasterka egiteko!», azaldu du barrez.

Hamar, taldean
Denera, 10 dira taldean: 9 jokalari eta entrenatzailea. Ofizialki, Xabi Zugarramurdi bada ere entrenatzailea, zaharrenak aritzen direla zeregin horretan dio Perurenak: «Kon­promisoa da azkenean eta denon artean egiten dugu».

2014-2015 denboraldia
Jokalariak: Mikel Zugarramurdi (porteroa), Mikel Perurena, Aimar Zugarramurdi, Oihan Zugarramurdi, Martin Etxeberria, Aitor Lujanbio, Ibai Zugarramurdi, Mikel Uizi eta Ander Apezetxea.
Entrenatzailea: Xabi Zugarramurdi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!