Astelehenean hasi zen Julen Zuaznabar eta beste 27 gazteren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Segiko kide izatea leporatzen diete. Hiru egunetan, gazte auzipetuen deklarazioak entzun ditu epaileak eta tortura testigantzak izan dira nagusi. Zuaznabarrek asteazkenean deklaratu zuen eta honek ere jasandako torturen berri eman zuen. Gazteek ukatu egin dute Segiko kide izatea eta inkomunikazio aldian egindako deklarazioak. Urriaren 6an jarraituko du epaiketak eta auzipetuek atzo aurreratu zutenez, ez dira auzitegian egongo, inkomunikazio aldiko poliziek deklaratuko baitute: «Torturatu gintuztenen gezurrak entzutea nahi dute. Ez gaude horretarako prest», azaldu dute.
Bestalde, asteazkenean hasi zen Breogan Fernandezen aurkako epaiketa Bilboko epaitegian, beste 4 gazterekin batera. Ondarroako herri harresian parte hartu zuten eta agintearen aurkako atentatua egin izana leporatzen diote Fernandezi eta beste hiruri. Besteari, ordena publikoaren aurka egitea. Akusatuek ukatu egin zuten eta protesta baketsua egin zutela esan. Ertzainen esanetan, akusatuen bortizkeriaren ondorioz min hartu zuten. Bi ertzain ez ziren epaiketara joan, eta epaileak urriaren 13ra arte eten du saioa.