Artzai aritzen zara Urbian. Nolatan erabaki zenuen Ereñotzu utzi eta hara joatea?
Ubis fabrikan egiten nuen nik lan. Nere senarra izango zena ezagutu, ezkondu, eta Urbiara joan nintzen artzai, 33 urterekin. Bera artzaia zen eta han ibiltzen zen.
Zaila egin al zitzaizun erabaki hori hartzea?
Ez. Betidanik ibili izan naiz artzai lanetan. Aita artzaia zen eta beti izan ditugu guk ardiak. Fabrikan egiten nuen lan, baina aitari ere laguntzen nion. Beraz, ez zitzaidan batere zaila egin. Erderaz esaten den bezala, las cabras siempre tiran al monte.
Nolakoa da artzai baten bizitza Urbian?
Uda mendian pasatzen duzu, Urbian, eta negua behean. Lehen Seguran bizi ginen eta ikuilua genuen Zerainen, baina senarra hil zenetik, Zerainen bizi naiz. Mendira joaten gara San Isidro inguruan eta urri azken aldera arte bertan egoten gara. Batzutan, San Martin arte ere luzatu izan gara; eguraldiaren arabera izaten da.
Mendian egiten ditugun lanak: ardiak inguratu, jetzi, gaztaia egin, ardiak begiratu… Ardiak jezteko baldin badaude, 05:30-06:00ak alderako esnatu beharra dago. Izan ere, ordu erdi ibili behar izaten da ardiak biltzeko eta 08:00ak aldera jezten hastea komeni da. Pare bat ordu behar dira ardiak jezteko. Garai hori, San Isidro-San Pedro bitartean izaten da, gutxi gorabehera.
Etxeko lanak ere egin behar izaten dira: bazkaria prestatu, etxea txukundu… Beti bada zeregina, gogoa baldin badago behintzat.
Lo, bertan dauden bordetan egiten duzue, ezta? Artzai bakoitzak berea al dauka?
Bai, fijoak izaten dira. Guk txabola hartu genuen, bertan bizi zen aurreko artzaiari ardiak hartu genizkiolako. Hasieran, txabola zahar bat genuen, baina Diputazioak txabola berriak egin zituen. Artzainok ere ordaindu genuen. Eta txabola orain da, kaleko etxea bezala: dutxarekin, ekonomikarekin, argia… Beharrezko dena daukazu.
Gertatzen dena da, txabola hori ez dela sekula zurea. Etxeko norbaitek segitzen badu ardiekin, bai, baina bestela bueltatu egin behar dira giltzak.
Zenbat artzai zaudete gaur egun Urbian?
11 bat egongo gara. Lehen 20 bat izango ziren; hori gutxienez. Han dauden txabola guztiak kontuan hartuta… Eta ardiak, berriz, orain gehiago. Lehen artzai guztiek batera ez zituzten izango guk orain dauzkagun adina. Orain bakoitzak 500-600 bat izaten ditu eta lehen, 200 bat.
Harreman ona al duzue zuen artean?
Orain gertatzen da, inbidia eta ezin ikusi asko dagoela. Azken 4 urteetan asko hondatu da giroa. Lehen elkarri laguntzen genion gauza bat zela edo bestea… Elkartu egiten ginen meza ondorenean, tertulian aritzen ginen… hori dena galdu da.
Gustatzen al zaizu bizimodu hori, hau da, mendian egote hori?
Oso bizimodu lasaia da. Neretzako mendian egotea da, askorentzat Benidormen egotea bezala. Osasuna da hori. Urtean behin bakarrik hartzen dut nik katarroa, eta hori hartzen dudanean.
Afizioa ere bada orduan?
Ez pentsa. Orain jakin izan banu etorkizun hau espero genuela, ez nintzen fabrikatik aterako.
Zaila al dago artzaintzatik bizitzea?
Ileak ez du ezer balio gaur egun. Esnea, gazta, arkumea… horiek saltzen dira. Baina orain dela 40 urteko prezioan ari dira erosten arkumeak, adibidez. 79ko prezioan daude. Esnea ere saltzen dugu, baina beraiek jartzen digute prezioa. Gazta mugitzen da, baina guk ez dugu kantitate haundiegirik egiten. Inguruan saltzen dut, Arantzazun normalean, eta urriko azken astelehenean, Gernikan. Artzaintzatik bizitzea oso zaila dago, gaur egun. Ondo bizi dela esaten duenari, nik ez diot sinesten. Neri behintzat, ez dit koadratzen.
Asko aldatuko zen lan egiteko modua ere, gaur egungo aurrerapenekin…
Adelanto asko dago orain, baina horrek ere gastua dakar. Eskuz egiten ziren gauza asko kendu da orain eta horrek kostu haundiagoa ere badu.
Kotxez bertaraino joan ahal izatea behintzat, onerako izango da.
Generoa eta gauzak eramateko bai, mesede ederra. Baina ardiak guk oinez eraman izan ditugu beti Urbiara. Hori bai, lehen kamioz egiten genuen. Seguratik Zegamara joaten ginen eta gero, mendiz. Orain, Zeraindik dena mendiz egiten dugu. Askoz hobeto. Lehen dozena erdi lagun behar ziren kamioan eta orain, bi lagun nahikoak dira. Ordu eta laurdenean han gaude. Kotxean ere, antzekoa izaten da denbora. Etxegaratetik joan eta gero Araiatik barrena sartzen gara Urbiara.
Txakurra ere izango duzue.
Bai, lau badauzkagu. Txakurrak behar beharrezkoak dira. Txakurrik gabe artzai batek ezin du ezer egin. Ezin dituzu ardiak dominatu, nahi dutena egiten dute. Pare bat gutxienez, behar dira.
Momentu zailak ere izango ziren. Haurdun zinenean, umeak txikiak zirenean…
Azken momentura arte ni goian ibiltzen nintzen askotan. Garai bateko emakumeak ez ginen oraingoak bezala, oraingoak muñekitak bezala zarete.
Eta umeak beti ibili izan dira oso gustora mendian. Eskola bukatuta segituan etortzen ziren eta baita astebukaeretan ere. 5 seme-alaba ditut, 3 mutil eta 2 alaba, eta denak aritu dira artzai. Txikiena, nere modura, feliz ibiltzen da mendian.
Eta eskola garaian zeudenean, nola moldatzen zineten?
Astean zehar koinata baten etxean geratzen ziren eta astebukaeran bila joaten nintzen. Ostiral arratsaldetik igandera gurekin egoten ziren Urbian, eta igandean berriz eramaten nituen.
Emakumezko artzaiak izatea ohikoa al da Urbian?
Emakume asko gaude. Urbian, 6 bat matrimonio izango dira. Hori bai, emakumeak bakarrik gaudela, bi izango gara, baina ez da harritzeko zerbait.
Orain min hartuta zaude. Zer moduz daramakizu?
Rotula hautsi nuen eta abendura arte behintzat egon beharko dudala esan didate, luzerako izango dela. Aurten behintzat argi dago ez naizela gora igoko. Sakrifizioa da neretzat. Gustora egongo nintzen han. Hemen desesperatuta nago.
Ardiek faltan botako zaituzte!
Ez, ardiak semearekin daude, ondo zainduta daude. Nik bai, botatzen dut hura faltan!