Modak hartuko du Hernani berriro, urriaren 24an. Berriak elkarteak antolatuta, Moda Pasarela egingo dute Atsegindegin. Baina ez da modelo ezagun eta profesionalik izango. Herritarrak izango zarete, pasarelako protagonistak!
Izan ere, Hernaniko jendea bilatzen ari da elkartea, egun horretan denda ezberdinen produktu onenak erakusteko, pauso eta pauso artean. Animatzen? Ez da eskatzen inolako esperientziarik, eta adin guztietako jendea nahi dute. Behar den bakarra, pasarelara igo eta modeloen gisara ibiltzeko gogoa.
Kastinga, asteartean Biterin
Interesa duenak, galdu ezinezko zita dauka asteartean, Biteri kultur etxean. Kastinga egingo dute, 19:00etatik 21:00etara, herriko modelo onenak aukeratzeko.
Kastingean parte hartu nahi dutenek, aurrez bete eta entregatu beharko dute izena emateko fitxa. Biterin eska ditzakete orriak, edo herriko denda hauetan: Estetika Arrosak, Nekane Edergintza, Biokbi Optika, Federopticos Hernani, Hoki Lentzeria, Valen moda denda, Distira, Bolsos y complementos Kaixo, Complementos Marna, Ilargi, Kera, Kuluska, Urrats Oinetakoak, Ibai-Mendi, Feli Dekorazioa, Oihala, eta Ikusi-Makusi.
Hain justu, 17 denda horiek dira, Moda Pasarelan parte hartuko dutenak, beren dendetako onena herritarrei erakusteko.