«Edozein edozeini irabazteko gai da»

Kronika - Erredakzioa 2014ko irailaren 27a

Benta Berrin jokatuko du gaur Hernanik, 18:00etan, DKSren kontra. Denboraldiko bigarren partidua izango da, «gogorra eta zikina», Jon Esnaola entrenatzailearen ustez.

Denboraldia ondo hasi duzue lehengo asteburuan Atletico SSi irabazita, ezta?
Halaxe da. Partidura 3 lesio­na­turekin azaldu ginen arren, maila ona erakutsi zu­ten mutilek. Baina oraindik hobetzeko asko dago. Ez zen partida erraza izan.

Zein dituzue aurtengo helburuak?
Nik ilusio handiz ekin diot denboraldiari. Talde luzea, gaztea, sasoikoa daukat, eta niretzat final fourren sartzea erronka polita litzateke. Baina, 3 lesionatu dauzkagu; Aitzol Arrietak, jolastekotan, azarotik aurrera egingo luke… Baldintza asko, eta maila honetan, edozein edo­zeini irabazteko gai da. Lehe­nen­go zaz­pien artean gera­tzen saiatuko gara eta gero ikusiko dugu. Pausoz pauso.

Taldean aldaketak izan dira...
Ez asko, baina egitura alda­keta nabarmena izan da.  Pe­ru Do­min­guez izan da galera garran­tzitsuena, bere sasoi one­nean zegoelako eta ia pis­tako alde guztietan laguntzen zuelako. Julen Murillo eta Alberto Rodrigo ere kanpoan geratu dira. Etorri direnen artean, zalantzarik gabe, al­bis­te onena Arrieta anaien itzu­lera izan da, baina Ai­tzo­lena ez dago erabat ziur­tatuta. Hari­tzekin berriz, ez dugu jokalari bat irabazten, bost baizik, edozein postutan jokatu baitezake.

«Aurten taldea oso orekatua da. Posizio guztietarako jokalariak dauzkagu; batzuk 3 edo 4tan jolastu dezakete».

Juniorretik Joseba Pelle­jero urnietarra etorri zaigu, ka­li­ta­te handiko jokalaria. Eta az­ke­ne­ko ur­te­tan entrenatu bai, bai­na jo­ka­tzen ez zuen jokalari ba­ti aur­ten fitxa egin diogu; Ander Qui­janori, ale­gia. Hau ere jenio bizikoa da. Peruren ga­lerarekin Lan­der Gasparrek aurrera­pausoa eman beharko du, Aitorrek ezingo baitu taldea berak bakarrik gidatu. Haritz eta Joseba Pellejeroren etorre­re­kin, berriz, iazko pibot eska­siaren ondorioz bere ohiko posizioetan jokatzen ez zuten zenbait jokalarik, aurten bere posiziotan jokatu ahal izango dute.
Aurten taldea oso ore­ka­tua da. Posizio guztietarako jokalariak dauzkagu, eta zenbait jokalarik 3 edo 4 posiziotan jolastu dezakete.

Eta entrenatzailea ere, berria; Ricardo Garreri hartu diozu testigua.
Ricardo aspaldidanik eza­gu­tzen dut, talde berean jokatu izan dugu eta elkarren kon­tra ere bai; nik bera zuzendu izan dut ni bere taldeko entrenatzailea nin­tzela, eta alderantziz...  30 ur­te­ko amis­tadea. Niretzat mai­xua da, bera entrenatzen ikustean beti ikasten dut zerbait. Gomendioren bat eman dit, eta esker onez hartu dut.
Taldea ondo ezagutzen dut jokalari guztiak gure ha­rrobitik atera direlako, eta zu­zenki entrenatu ez ditu­danak aldamenean entre­natzen ikusi ditudalako. Ez dakit zer mailan gauden; dakidana da, hobetzeko tarte haundia daukagula. Talde bizkorra da, garaia, giro oneko koadrila eta gaztea. Baina gaz­tetasun horrek eskar­men­tu falta eragiten du; hori da taldeko alderik ahulena.

Zein izango da erabiliko duzuen estrategia?
Astero lana, lana eta lana egin. Denboraldia amaitu arte inoiz ez erlajatu. Maila honetan hasieran talde guztiak gogotsu hasten dira, baina, gero, Eguberria dela, zubiak direla, negua dela… lasaitzen joaten dira. Guk ezin dugu horrelako dina­mikan sartu.

Zein izango dira aurkari gogorrenak?
Hasiera batean denak izango dira gogorrak, denok 4 one­nen artean sartzeko ilusio eta asmoa daukagulako. Gero, lehia­keta aurrera doan hei­nean, atzean geratzen dire­nak indarra  galduko dute.


Eta zeinen aurka izango duzue aukera gehiago?
Hori ezin dizut ziurtatu, hara zer gertatu zitzaion Espainiako selekzioari Frantziakoarekin!

Gaur, DKSren aurka, zer espero duzue?
Partidu gogorra, pertsonal as­ko­takoa, zikina, gu ira­baz­teko haiei horrela komeni zaielako. Gu baino eskar­mentu gehiago dute. Guk korri egin nahiko dugu, eta beraiek joko hori oztopatzen saiatuko dira. Bere jokatzeko era inposatzen duenak ira­baziko du. Epaileek ere zeresana izango dute, joko zikin hori galazten badute…

Orokorrean, nola dago kluba?
Azken urteetan 2-3 belaunaldi on izan ditugu, eta horiei es­ker senior taldea oso ondo hornituta dago. Ta­malez, ur­tero ezin ditugu Gipuzkoa edo Euskadi mailan talde lehia­korrak atera. Ume­ak era­kar­tzeko futbolarekin, rugbya­re­kin, pelotarekin… le­hiatu be­har dugu. Ez da erraza. Hala ere, Hernanin entrenatzen ha­si nintzenean neska tal­de­rik ez zegoen; orain bai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!