Atez atekoak bi aldaketa izango ditu hondakinen bilketan, urriaren 4tik aurrera. Batetik, errefusa kuboetan aterako da aurrerantzean, poltsetan beharrean. Eta bestetik, posible izango da organikoaren kuboari poltsa edo paperezko zorroa jartzea.
Errefusa ateratzeko kuboak, asteburu honetan zehar banatuko ditu Udalak. Kuboak grisak izango dira, 7 litrokoak. Bakoitzaren gantxoetan jarriko dituzte, larunbatean edo igandean, etxera eramateko. Kubo hori erabili beharko dute herritarrek, urriaren 4tik aurrera, errefusa ateratzeko. Aldaketa dator, poltsek egoera deserosoak eta arriskutsuak ekarri dituztelako, hondakin biltzaileentzat: lurrean uztea zintzilikatu ordez, kristal zatiak edukitzea...
Bakoitzaren gantxoetan jarriko dituzte errefusaren kuboak, asteburuan zehar, etxera eramateko.
Organikoarekin, berdin jarraitzeko bultzada
Bigarren aldaketa, organikoaren kuboan izango da. Urriaren 4tik aurrera, posible izango da poltsa edo paperezko zorro konpostagarria jartzea. Izan ere, zenbait eskaera jaso dituzte herritarren aldetik, aukera hori emateko.
Hala ere, Udalak apustua da oraindik ere, kuboa poltsarik gabe ateratzea. Horregatik, herritarrak bultzatu nahi dituzte berdin jarraitzera, eta poltsa edo zorrorik ez jartzera: «konpostaren kalitatea hobea da horrela».
Edozein kasutan, poltsak eta zorroak ez dira onartuko, auzo-konposta egiten den guneetan.