Spartathlon proba garrantzitsuan ariko da Eva Esnaola bihar. 246 kilometroko bide luzea izango du aurretik, Atenas eta Esparta lotuko dituena. Filipides egun bakarrean osatu zuen ibilbidea, k.a. 490 urtean, greziarren eta pertsiarren arteko gerrara joateko. Esnaolak, berriz, 36 ordu baino gutxiagotan osatu beharko du, hori baita lasterketaren topea.
Sasoi onenean, proba gogorrari aurre egiteko
Sasoi onean iritsiko da, behintzat, atleta hernaniarra, proba luze eta gogorrera. Joan den astean, garaipena lortu zuen Villenueve d’Oroneko ultrafondoan, eta Estatuko errekorra lortu zuen gainera, ia 127 kilometro eginda.
Beraz, prestaketa bide onetik eraman du, eta konfiantzaz dago, lasterketa denbora mugaren barruan bukatzeko: «erori gabe jaistea lortzen badut, bukatuko dut», adierazi zion Kronikari.
«Mendiak eta gauak beldurra ematen didate»
Goizeko 07:00etan abiatuko dira parte hartzaileak, Atenasetik, eta gauez ere korrika egin beharko dute. Horixe du kezka haundiena Esnaolak: «hasi eta 140 kilometrora, mendia dago, eta gainera gauez. Beldurra ematen dit horrek, ordu horietan estabilitatea galtzen duzu».
Helburua, noski, bukatzea izango du: «horrekin nahikoa daukat». Eginak dauzka 100 kilometroko probak, eta 214 ere egin ditu, pistan. Baina halako probetan, aurreneko esperientzia izango du: «xuabe hastea da sekretua; jende asko erretiratzen da». y