Patinak jantzi, kaskoa lotu eta Karabelera hurbildu. Horixe besterik ez dute egin behar, ibilaldi polit batez gozatu nahi dutenek. Mugikortasun Astearen azkeneko ekitaldia izango da biharkoa: patinetan ibilaldia, 09:30etan Karabeletik abiatuta. 15 minutu lehenago azaltzea nahikoa izango da, parte hartzeko.
Ginkana, Zubiondon eta Karabelen
Hernaniko kaleetan barrena egingo dute ibilbidea. Karabeletik atera, eta Landare paretik Zubiondo poligonora iritsiko dira. Ibaiondoko zubia zeharkatu, eta Urumearen pareko bidegorria hartuko dute, Akarregi inguruetara iristeko. Bidegorritik bueltatuko dira Zubiondo poligonora, eta ginkana egingo dute bertan.
Ondoren, Karabelerainoko bidea osatu, eta beste ginkana bat izango dute zain. Eta baita hamaiketakoa ere. Izan ere, Karabel Eguna ere ospatuko, bihar bertan, eta jan-edana eskainiko die auzo elkarteak, parte hartzen duten guztiei.
Gurpil gaineko asteari itxiera
Hernanin Patinez ekintzarekin, itxiera emango zaio Mugikortasun Asteari. Irailak 13an hasi zuten, bigarren eskuko bizikleten azokarekin. Eta ordutik, gurpilen gainean ibili dira: aurreko ostiralean, kirol egokitua izan zuten, ezinduen lekuan jartzeko; eta igandean, bizikleta ibilbidea osatu zuten Hernanin.
Helburua da mugikortasun iraunkorra sustatzea, eta erakustea posible dela beste modu batez mugitzea.