Emozioa hitzak definitzen du ondoen atzo Udalean izandako ongi etorriak. Udal ordezkariak zituzten zain Angel Olaran eta Wukrotik etorritako gaztetxoek; baina baita dozenaka herritar ere. Besarkadak eta muxuak banatuta, begiak dir-dir batean zituztela hasi zen ekitaldia. Esker hitzak izan ziren nagusi; bai Luis Intxauspe alkateak eta baita Olaranek ere. Hernanira iritsi bitartean egindako bidea azaldu zuen Olaranek, eta datozen egunetan izango diren jardunaldietara gerturatzeko gonbita egin zieten herritarrei. Egun horietan elkarren berri izateko aukera izango dela, gogoratu zuen.
Hitzaldia Olaranek, gaur
Hamabost laguneko taldea etorri da Wukrotik Hernanira, eta astelehenera bitartean, bertan geratuko dira. Elkartasun Jardunaldiak antolatu ditu Hernani Wukrorekin GKEk, eta beraz, ekintza dezente izango dituzte, egun horietan. Aurrenekoa, gaur bertan. . Hitzaldia emango du Angel Olaranek Biterin, 19:00etan. Wukroko egoera eta bertan egiten ari direna jarriko du mahai gainean.
Larunbatean, kirol eguna antolatu dute: goizean Antziolako pistan izango da giroa, eta arratsaldean Ereñotzuko frontoian. Igandean, meza emango du Olaranek Agustinetan, eta elkartasun bazkaria ere egingo dute. Txartelak gaur salduko dituzte, ferian. Eta azkeneko eguna, astelehena, Hernani Institutuan pasako dute, bertako gazteekin.