Argia Eguna ospatuko dute larunbatean, Usurbilen, eta ekitaldi ugari antolatu dituzte. Tartean, bazkari ekologikoa egingo dute, garaiko eta Euskal Herriko produktuekin. Bertan bazkaltzeko aukera galdu nahi ez duenak, orain dauka momentua, txartelak erosteko: Oinddi eta Txili tabernetan daude salgai, 15 euroan.
Hernaniko fanfarreak egingo du diana, eta 12:00etan Argiazaleen topaketa izango da. Bazkalostean, berriz, bertso saioa izango da, 18:00etan: Amets Arzallus, Miren Amuriza, Julio Soto, Uxue Alberdi, Sustrai Colina eta Rosi Lazkano ariko dira. Sarrerak 5 euroan salduko dira, egunean bertan.
Kontzertu bihar, Lasarten
Festa egun bat lehenago hasiko da, ordea. Kontzertua antolatu dute bihar, Lasarteko Manuel Lekuona kultur-etxean: Mikel Urdangarin, Anari, Pier Paul Berzaitz, Petti, Estitxu Pinatxo, Alboka taldea, Bide Ertzean eta Jon Basaguren. Sarrerak 15 euroan daude salgai, Oinddi eta Txili tabernetan.