Euskara ikasteko, hobetzeko edo mantentzeko, kurtso asko hasita dira honezkero. Eta hasi gabe daudenak, hurrengo egunetan jarriko dira martxan. Baina, oraindik ere, badago apuntatzeko aukera, euskaltegietan. Zenbait plaza libre daude, Udal Euskaltegian, AEKn eta Banaiz Bagaran.
«Euskara ikasteko, lantzeko, gozatzeko... aukera oso zabala daukagu, eta aprobetxatu egin behar da», azpimarratu zuen Luix Intxauspek, Hernaniko alkateak. Prentsaurrekoa eman zuten atzo, euskaltegietako ordezkariek, matrikula kanpainaren balorazioa egiteko.
150 lagun inguru, euskara ikasten
Udal Euskaltegian, mantendu egin dute ikasle kopurua. 60-70 bat ikasle dauzkate aurten, eta nahi duena, apuntatzeko garaiz dago oraindik: «batez ere euskara ikasten hastekoetan», Jokin Nazabal Euskaltegiko arduradunak azaldu duenez.
AEKn ere, 60tik gora ikasle dauzkate. «Praktikatzeari ematen diogu garrantzia, hasierako mailetatik», dio Ixiar Eratsunek, AEKko ordezkariak: «euskal hiztunak sortzea da helburua».
Banaiz Bagarak, alternatiboa
Euskara ikasteko, modu alternatiboa eskaintzen du Banaiz Bagarak: goizetan Biterin elkartu, eta arratsaldean tabernan. «Formatu desberdina da, ahozko komunikazioan zentratua», argitu du Petra Elserrek, elkarteko ordezkariak. Gainera, landuko dituzte beste aspektu batzuk ere: ausartzea, besteei euskaraz eginaraztea, astiro egiteko eskatzea... 20-25 ikaslek eman dute izena.