Ipuin tradizionalak dauzka kultura bakoitzak. Horiek berreskuratu eta elkartrukatzea nahi du AMHER elkarteak, eta Kulturarteko astea antolatu du, urriaren 6tik 10era. Jatorri desberdina duten pertsonek, elezaharrak gogora ekarriko dituzte aste horretan, eta besteekin konpartituko dituzte, ipuin-mapa zabal bat osatuz.
Horretarako, tailerra antolatu dute helduentzat, istorioak kontatzen ikasteko: urriaren 6, 7 eta 8an izango da, Biterin. Euskarazkoa 16:00etatik 18:00etara emango du Beatriz Egizabal kontalari lasartearrak; gaztelaniazkoa, berriz, 18:00etatik 20:00etara, Alekos kontalari kolonbiarrak. Tailerrak doan dira, baina izena eman behar da Liburutegian. Plazak mugatuak dira: 15 lagun.
‘3 Lios Trio’ emanaldia
Emanaldi berezi batekin jarraituko dute Kulturarteko astea, urriaren 9an: 3 Lios Trio eskainiko dute Biterin, 19:30etan, hitza, irudia eta musika nahastuz. Doan izango da, baina ezinbestekoa da sarrera hartzea Biterin, urriaren 6tik aurrera. Eta astea bukatzeko, haurrentzako txokolatada eta jokoak izango dira Biteri Plazan, urriak 10ean, 17:00etatik aurrera.