Bihar iritsiko dira Wukroko gazteak Hernanira, eta ongi etorria egingo diete udaletxean, iluntzeko 20:00etan. Guztira, 15 kideko taldea dator Wukrotik: Angel Olaran misiolaria, 11 gaztetxo eta 3 monitore. Hernanira iritsi aurretik, Madrilen izan zen taldea. Bertan, kirol munduko sari bat jaso zuten joan den astean. Ondoren, Bartzelonan ere izan dira, eta ibilbidea egin dute, Wukrori laguntzen dioten herriak bisitatuz. Bihar iritsiko dira bidearen helmugara, Hernanira.
Elkartasun jardunaldiak, bihartik astelehenera
Hernani Wukrorekin GKEk antolatuta, elkartasun jardunaldiak ospatuko dira, irailaren 24tik 29ra. Hain justu, udaletxeko harrera izango da aurreneko ekintza. Ostegunean, berriz, hitzaldia emango du Olaranek, 19:00etan Biterin.
Larunbatekoa, kirol eguna izango da, elkartasunarentzat. Antziolako pistetan, hainbat proba egingo dituzte, Wukroko eta Hernaniko gaztetxoek. Eta arratsaldean, Ereñotzuko frontoian ariko dira, palan jokatzen.
Igandean, meza emango du Olaranek Agustinetan, eta elkartasun bazkaria egingo dute. Txartelak salgai, Migel Lujanbio, Iruretagoiena eta ostegunetako ferian, 22 euroan. Jardunaldiak ixteko, astelehena Hernani Institutuan pasako dute, Wukroko gazteek.