«Teoria denok dakigu, baina gero, segundo bakarrean erabaki behar duzu»

Kronika - Erredakzioa 2014ko irailaren 20a

Lastaolakoa da Andoni Otxotorena. 17 urte ditu eta 2 urte eta erdi daramazki futbol arbitro lanetan. Lehendik ere, ezaguna da Otxotorena abizena futbol munduan eta baliteke aurrerantzean ere gehiago zabaltzea. Futbol denboraldia hasi den honetan, galdera batzuk egiteko aprobetxatu du Kronikak.

Futbol arbitroa zara. Noiztik? Zer egin behar izan duzu titulua lortzeko?
Bi urte eta erdi inguru daramazkit arbitro bezala. Anoetan  (Do­nos­tia) dago  Gipuzkoako futbol arbitroen batzordea eta hara joan nintzen. Klase batzuk jaso nitu­en. Aste­beteko ikastaroa izan zen, egunero bi orduko klaseak ziren eta hori bukatu eta hurrengo asteburuan, arbitratu egin nuen.

Nolatan animatu zinen arbitro izatera?
Beti gustatu izan zait futbola. Hernaniko taldean jokatzen nuen txikitatik. Orain bi urte inguru uztea erabaki nuen eta zerbait gehiago egin nahi nuenez, arbitro izatea pentsatu nuen. Anoetara joan nintzen enteratzera.

Ze mailatako partiduak arbitratu ditzakezu?
Orain, mutil kadeteak arte eta neska jubenilak arte. Denak, futbol 11koak dira, futbol salan ez naiz aritzen.

Eta nola lortu dezakezu maila goragoko titulua? Asmorik ba al duzu?
Urtero egiten dizkigute azterketak. Bai teorikoak, bai fisikoak. Azterketak gainditzen zoaz, eta beraiek ikusten dute mailaz igo­tzeko moduan zauden edo ez. Esperientziaren arabera da, gero eta urte gehiago arbitro lanetan, gero eta maila gehiago. Gutxi gorabehera, pare bat urte egiten dituzu maila berean eta ondo bazoaz, igo egiten zaituzte. Nik momentuz, jarraitzeko asmoa dut, ea noraino iristen garen.

Jarraituz gero, gutxi gorabehera, zenbat urterekin izango zenuke aukera lehen mailako partiduren bat arbitratzeko?
Lehen mailan aritzen den gazteenak 30etik gora ditu. Beraz, kalkulatu. Urte asko oraindik.

17 urte dauzkazu. Zu bezalako gazte asko aritzen da arbitro lanetan?
Bai, normalean nere adinarekin hasten da jendea. Gero taldean badaude helduagoak, 8-9 urte daramazkitenak.

Arbitro lana gogorra izaten da. Jarraitzaileen aldetik istiluak, arbitroak beti errudun… Eragiten al dizu zuri?
Bai, normalean gurasoak izaten dira horrelako istiluak sortzen dituztenak, baina nik ez diet kasorik egiten. Nik nere lanean jarraitzen dut eta lixto.

Eta zaila izango da momentuan, denbora gutxian erabaki beharra: falta izan den, eskuarekin jo duen, jokoz kanpo zegoen…
Teoria denok dakigu, baina gero segundo bakarrean erabaki behar duzu. Horrela da. Eta batzuetan gaizki egingo dugu zerbait, denok bezala, baina jendeak ez du barkatzen. Segundo batean erabakitzea zaila da, eta iruditzen zaizunarekin aurrera zoaz. Pentsa­tzeko denborarik ez dago.

Neutroa izatea ere zaila izango da batzuetan… pasa izan zaizu ezagun edo lagunen baten partidua arbitratzea?
Bai. Arbitratu izan ditut Hernaniko taldearen partiduak, nere taldea izandakoarenak. Eta lagunak eta ezagunak dira, baina ez dit eragitzen, ni neutroa izaten saiatzen naiz.

Denboraldia hastear da. Hemendik aurrera, partiduz partidu ibiliko zara. Ze herritan aritzen zara?
Ostegunetan esaten digute ze partidu ditugun asteburuan. Futbolean jokatzen bazabiltza, partidu bakarra arbitratzen duzu, baina nik dagoeneko ez dudanez jokatzen, normalean bi partidu arbitratzen ditut astebururo. Bat larunbatean, eta bestea igandean. Norma­lean, etxe inguruko partiduak arbitratzen ditut: Hernani, Astiga­rraga… Tolosara ere joan izan naiz. Saiatzen dira bakoitzaren herri inguruko partiduak ematen, erosotasunagatik.

Bukatzeko, ze partidu gustatuko litzaizuke arbitratzea?
Reala edo Athleticen partiduren bat gustatuko litzaidake. Bien arteko derbi bat, adibidez. Kanpotik badakigu nola izaten den eta barrutik ikustea ederra litzateke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!