Baserritarrez jantzi zen atzo Hernani, Euskal Jaietan murgiltzeko. Euskal trajeak jantzi eta zaldiak, behiak, txerriak, oiloak eta beste hainbat animali gertutik ikustera hurbildu ziren asko, Tilosetara. Artzaintza lanen erakustaldiak ere, piztu zuen askoren interesa: ardiak jetzi, ilea moztu, artaldea batera eta bestera mugitu... Txikienek gozatu ederra hartu zuten egun osoan: aintzinako jokoak, erraldoi eta buruhaundiak, tailerrak... Herri kirolek ere jarri zuten saltsa: Hernanin aurrenekoz, emakumeak aritu ziren aizkoran; bi beterano izan zituzten ondoan: Paolla eta Larra. Arratsaldean musika izan zen nagusi: erromeria alaken taldearen eskutik, Plaza Berrin; eta Musika Bandaren emanaldia, arkupetan. Festa bukatzeko, beste tradizio bat: sardin jatea.
Jaiak segida, gaur
Festa giroan segi nahi duenak aukera ederra du gaurkoan ere. Dianak esnatuko du herria, goizean goiz. Festa ordea, eguerdi partean izango da. Sagarra eta Sagardoaren eguna ospatuko da Plazan ‘Tolare’ kofradiak antolatuta. 11:30etan hasiko da sagardo dastaketa Akarregi, Alberro, Altzueta, Goiko-Lastaola, Iparragirre, Itxasburu, Larre Gain, Olaizola, Otsuaenea, Rufino eta Zelaiaren eskutik. Sagardoa nola egiten den erakutsiko du Barkaiztegiko Joxe Mari Irizarrek. Tarte horretan jokatuko da baita ere, Trikitxa Txapelketaren hamaseigarren edizioa. Eta nola ez, euskal giroko festa batean falta ezin diren pelota partiduak ere badira gaur: Tilosetan, 11:30etan.