mugitzeko alternatibak zeintzuk diren erakustea da Mugikortasun Astearen helburuetako bat. Eta asteburuan, horrekin lotutako ekitaldi ugari ari dira izaten. Gaurkoan bizikleta izango da garraiobidea. Bi aukera jarri dituzte: buelta bat eman edo bide heziketako saioa jaso.
Bidegorri sarea ezagutzeko aukera ederra
Hernani bizikleta gainean ezagutu nahi dutenek aukera ederra dute JOCC taldeak antolatutako irteerarekin. Goizeko 09:30etan egin dute zita, Plaza Berrin, Cuevas farmaziaren parean. 5 kilometro inguruko buelta egingo dute, eta ibilbidea Portalondon hasi eta bukatuko da. Bidetik zeharkatuko dituzte: Zinkoenea, Balantxa, Karabel, Landare, Zubiondo industriagunea, Florida, Sagastialde, Antziola, Txillida kalea, Latsunbeberri, Marieltus, Urbieta, Izpizua, Txirrita, Lizeaga, Paradorea, Lizeaga eta Atzieta. Hernaniko bidegorri sarea ezagutzeko aukera ederra izango da.
Beste aukera da, Atsegindegin izango den Bide Heziketa saiora joatea. Zirkuitu bat jarri dute, eta bertan erakutsiko dituzte bizikleta gainean ondo eta seguru ibiltzeko jakin beharrekoak.
Makinen erabilera ezagutu zuten atzo
Herritar dezente animatu zen atzo, herrian barrena egin zuten ibilbidera. Ariketa fisikoa egiteak duen garrantzia azpimarratu nahi zuten atzoko irteerarekin, eta bide batez, 3garren adineko pertsonentzat herrian zehar jarri dituzten makinak erakutsi. Kirola egiteko makinak dira, eta lau puntutan jarri dituzte: Goiz Eguzki, Zikuñaga, Atletismo pista eta Ave Marian.
Bost kilometro inguruko buelta egin zuten, eta Ainhoa Gasparren azalpenak entzun zituzten: makinak nola erabili behar diren, zertarako diren egokiak... Galderak egin eta zalantzak argitzeko aukera izan zuten. Eta buelta bukatuta, liburuxka bat jaso zuten, Hernanin oinez egiteko dauden zirkuitu ezberdinak biltzen dituena.