2011ko maiatzean iritsi zen Isabel Otero Glorie udaletxera, Berdintasun eta Parte Hartze zinegotzi gisa aritzeko. Hasi eta berehala, inguruko herriek zer nolako proiektuak zituzten aztertzeari ekin ziola azaldu du. Hala, ate bat eta beste joz, Mugabek eskaintzen zuen ikastaro baten informazioa lortu zuen. Ikasiz Zahartu zen proiektuaren izena. Proiektu horrek 50 urtez gorako jendeari ikasteko aukera ematen dio, Esperientziaren Eskola deiturikoa sortuz.
Hamabi bat laguneko koadrila
Otero jubilatuekin bildu zen, eta horietako batzuk eskolan parte hartzera animatu ziren. Hala ere, kosta egin zitzaien hasieran: «Gure adinarekin berriro ere boligrafoa hartu eta idazten hasteak beldur pixka bat ematen zigun. Isak esan zigun ez genuela horrelakorik egin beharko, lasai egoteko, garrantzitsuena entzutea zelako. Agian, eta nahi bagenuen, apuntetxo batzuk hartu beharko genituen, baina besterik ez. Eta egia zen, orain zoratzen gaude», diote Arantza eta Lurdes Urialde ahizpek, Esperientziaren Eskolako eta Harituzeko partaideak biak. Denera, hemeretzi bat lagunekin hasi zuten taldea, baina lana dela edo bata eta bestea dela, orain hamabi daude bertan. Hasiera-hasieratik daudenak dira orain dauden hamabiak.
Asteroko gaia partaideen aukeraketa
Astean behin, astearteetan, bi orduko saioa egiten dute arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara. Kultur Etxean biltzen dira eta beraiek aukeratzen dute zer ikasi: risoterapia tailerrak, lekuko historia, literatura, musika, mandalak, fisioterapia, astrologia, psikologia… edota beste hainbat gai. «Jendea etortzea nahi dugu, jendeak beldurrik ez izatea nahi dugu, etor daitezela eta entzun dezatela. Guk ikaragarrizko aldaketa eman dugu, bai etxean, familian, lagunartean… denean. Esperientzia oso inportantea izan da eta asko indartu gaitu», diote bi ahizpek irribarre bat ahoan dutela.
Esperientziaren eskolatik Harituz taldea
Esperientziaren eskolarekin hasi ziren elkar ezagutzen, baina gutxiegi zen beraientzat: «Klasea amaitu eta zerbait gehiago falta zitzaigun, ez ginen nahikoa asetzen», dio Arantzak. «Isari eskatu genion beste zerbait egiteko, eskolatik atera eta elkarrekin egoteko», gehitu du Lurdesek. Isak proposatu zien bakoitzak egin nahi zuen lanen bat ekarri eta elkarrekin egoteko beste pare bat ordu hartuko zituztela: «Europan zehar fama dute horrelako kedadek, eta guk antzeko zerbait egin genuen. Inolako egiturarik gabe, gai-ordenik gabe, josteko edota beste edozein motatako egitekoren bat egiteko gelditzen ginen. Horixe zen elkarrekin egoteko aitzakia».
Hasieran Ikatza tabernan gelditzen ziren, baina denbora pasa ahala Kultur Etxeko beste areto bat hartu zuten beraientzat. Hasieran hilabetean behin bakarrik gelditzen baziren ere, segituan izan zen gutxiegi eta azkenean, asteartero, eskola bukatu ondoren, Kultur Etxeko lehenengo pisutik tailerrera jaisten ziren lantxoak egitera. Areto horretan sortu zen Harituz, Astigarragako emakume eta gizonen berdintasun eskola, 2013an. «Hortxe liatu genuen mataza», dio Arantzak barrez.
Harituz, Astigarragako emakume eta gizonen
berdintasun eskola
Harituz taldea denentzako irekia dagoela azpimarratu nahi dute, baina bertan, oraingoz, emakumeak dira gehiengo. Ekintza asko antolatu dituzte azken urtean, besteak beste: zine foruma hilabeteko laugarren asteartean, mendi irteerak (gizonek taldean parte hartzea nahi zutelako eta denei gustatzen zaien ekintza delako), eta Chic Kung delakoa (Tai Chi modukoa da baina emakumeei beraien gorputz eta sentsazioak ezagutzen laguntzen die). Taldeko partaideek dituzten sentsazioak, ikasitakoa eta lortutakoa besteek ere lortzea nahi dute, eta horregatik gustatuko litzaieke jende gehiago gerturatzea. Horrelako taldeak oso garrantzitsuak direla diote, adin batetik aurrera oso garrantzitsua delako bizi-bizirik sentitzea, eta horretarako aukera bikaina da ikasiz bizitzea.