Artile matazak, genero indarkeriaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2014ko irailaren 20a

  • Harituz, Astigarragako emakume eta gizonen berdintasun eskola, bufanda luzea josten eta osatzen ari da genero indarkeriaren aurkako sinbolo gisa. Ekimen hau, Udalaren Berdintasun Sailak bultzatua da.
  • Azaroaren 22an, Astigarragan, Genero Indarkeriaren Aurkako eguna ospatuko da Foru Plazan eta herritar guztiekin batera ospatu nahi dute eguna.

OLATZ MITXELENA GARMENDIA

Isabel Otero Glorie Astigarra­gako Udaleko Berdintasun eta Parte Hartze zinegotzia da. Bera izan da Harituz taldearen gidaria, eta baita horren aurrekari izan den Esperientziaren Eskolarena ere. Arantza eta Lurdes Urialde hasiera-hasieratik egon dira proiektuan, Esperientziaren Eskolak eman­da­koa barne hartu eta Harituz sortu eta indarra eman dietenetako bi emakume dira.

Bufanda bat genero indarkeria gelditzera
Isabel Otero: Bai, halaxe da! Joan den martxoan Ema­kumearen Eguna zela eta hilabete osoan zehar antolatu nahi izan genituen ekintzak, eta horietako batean sortu zen ideia. Tailer bat egin genuen Astigarragan dauden emakume etorkinak integratzeko asmoz, Munduko emakumeak zubiak josten izena jarri genion. Bertara etorri zen, orain dela urte batzuk egindako ikastaro batean ezagutu nuen Haurraldeko Patricia Ponce argentinarra. Feminista nekaezina da bera, eta azaldu zigun Hego Amerikan asko josten dela modu solidarioan. Hara hor ideia. Burutik joan aurretik, apirilaren 1ean mar­txan jarri genuen proiektua.
Arantza Urialde: guk josten dakigu, eta jostea asko gusta­tzen zaigu. Horixe da gure tresna! Horregatik, bakoitzak zati­txoak egitea proposatu genuen, nahi adinako luzerakoak eta hogeita hamar bat zentimetroko zabalerakoak.
Lurdes Urialde: josten dakigunok josi egin dugu, eta ez zekitenetako askok artilea erosi digu guk egin ahal izateko. Jubilatuen Elkartean eta inguruan jende asko eta askok hartu du parte.

365 eguneko proiektua
I.O.: Apirilean hasi genuen, eta jada metro asko lortu ditugu, baina ez dugu ahaztu behar bufanda luzeena zertarako nahi dugun. Luzea izateak jende askok genero indarkeria errefusatzen duela esan nahi du, eta horixe da daukagun helburua. Kontzientziazioa. Emakume hauek, edota nik neuk, ez genuen imajinatu ere egiten zenbaterainokoa izan zitekeen xume-xume eta dirurik gabe hasi genuen proiektua. Baina orain, auzi baten baitan elkartuta dagoen Euskal Herriko lehenengo herria izan nahi dugu, genero indarkeriaren aurka batuta dagoen herria.
L.U.: Bufanda zati bat bidaltzen duen pertsona bakoitzak bere mezua ere bidaltzen du, eta azaroaren 22an mezu horiek erakutsi nahi ditugu, iparra ez galtzeko.

Bufanda internazionala
I.O.: Harrituta gaude sare sozialen indarrarekin! Proiek­tua hasi genuenean facebook eta blogaren bidez zabaltzen saiatu ginen. Argazkiak igo­tzen genituen hasieran, eta jende askok jartzen zuen atsegin zuela. Baina onena atsegitetik egiterako aldaketa izan zen. Herrialde askotatik hasi ziren interesa jarri eta euren zatiak bidaltzen. Portugal, Polonia, Erresuma Batua, Frantzia, Mexiko, Costa de Marfil, Australia, Zelanda Berria, Senegal, Mozambike eta Tunezetik bidali dizkigute edota bidaliko dizkigute zatiak.

Azaroaren 22a, egun haundia
I.O.: Azaroaren 25ean Emaku­meenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, baina asteartea denez, aurreko larunbata aprobetxa­tzea erabaki dugu. Orain ari gara eguna antolatzen, orain artean bufandarekin nahiko lan izan dugu eta. Egun horretan guk hasitakoa herritar guztiekin konpartitu nahi dugu, beraiekin egin nahi dugu hau. Gazte Lokalekoak abesti bat ari dira prestatzen, Gazte Asanbladak murala egingo duela esan digu, eta pixkanaka-pixkanaka gainontzeko elkarteekin hitz egin nahi dugu, gustatuko litzaigukeelako denak bertan izatea, guk hasi duguna beraiekin bukatu nahi dugulako.

Denon arazoa, zuen tresnak, eta bidean, konponbidea
L.U.: Orain urte batzuk hona bizi izan dudan aldaketa ikaragarria izan da. Inoiz ez nuen pentsatu nire artile eta orra­tzarekin horrelako zerbait egitea lortuko nukeenik. Hun­kituta nago, eta oso pozik.
A.U.: Nik jendea animatu nahi dut, nere adinekoak Esperien­tzia­ren Eskolan parte hartzera,  eta gazteak bufandaren ingurura gerturatzera. Josten ikasteko ikastaroak egin nahi ditugu, eta horietan parte hartzea nahiko nuke. Egiten ari garena, azken finean, beraientzako da.
Emakume hauek euren tresnak erabili dituzte kezka­tzen dituen arazo bati aurre egiteko. Beraiek ziren hasieran emakumearen ahalduntzeak beldurtzen zituenak, baina orain beraiek egin dira emakume ahaldun. Mataza eta orra­tzarekin bufanda bat egiten ari dira eta ez hori bakarrik, be­raiek hasitako ekimena mun­duan zehar zabaldu dute. De­non arazoa, nork bere tresnak, eta bidean, konponbidea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!