Umore Onako pilotariek ekin diote denboraldi berriari. Dagoeneko, Errioxa, Errotxapea eta Gartzarongo torneoak ari dira jokatzen. Asteburu honetan, bertan, Iker Salaberriak bi partidu jokatuko ditu. Gaur Logroñon ariko da, Errioxako torneoa jokatzen. Andunagarekin (Lizarra) jokatuko du, Etxeberria (Huarte) eta Martitegiren (Sestao) aurka. 16:30etan izanen da. Bihar, berriz, Gartzaronen jokatuko du 10:00etan. Mariezkurrena (Berriozar) izanen du bikote eta Beraza-De la Cruz irurtzundarrak aurkari. Aizkorbe eta Apezetxea ere ari dira Errotxapeako torneoan parte hartzen.
Napar Jokuak Txapelketa, berriz, laster hasiko da.
14 pilotari inguru, aurten
Aurten, Goizueta eta Aranoko 14 pilotari inguru ibiliko dira Umore Onan. Aurreko urteetan baino gutxixeago, Angel Salaberria arduradunak azaldu duenez. Benjamin, alebin, infantil eta kadete mailakoak ariko dira, hau da, 9-14 urteko gaztetxoak.
Txapelketei begira, beste munduko helbururik ez dutela azaldu du Salaberriak: «Umeek ahalik eta partidu edo txapelketa gehienetan parte hartzea nahi dugu, baina beste motako erronkarik ez dugu. Ahalik eta gehien jokatu dezatela».