«Talde gaztea da, behetik datorren jendearekin osatua, eta ilusioz gaude»

Kronika - Erredakzioa 2014ko irailaren 20a

Mundarroko preferente taldeak gaur hasiko du liga. Andoaingo Euskalduna taldearen aurka jokatuko du. Etxean izango da, Zarkumendegi zelaian, 16:30etatik aurrera.

Nolako taldea izango da aurten, preferente mailakoa?
Oso ekipo gaztea da, behetik datorren jendearekin osatua, herriko jendearekin. Urte asko pasa dira eredu hau lortu nahian eta behingoz lortu dugu. Erronka erreza ez zen eta orain ilusio haundiarekin gaude. Ni 10 urtetan aritu naiz taldean jokatzen eta hasi nin­tzenean, ez zegoen ia inor herrikoa. Egoera oso aldrebesa zen eta aldatzen joan da pixkanaka.
Lehen adin gehiagoko jendea zegoen, urtetan aritutakoa, baina esan bezala, orain behetik datorren jendeari  eman zaio konfiantza. Jubeniletatik 5 igo dira eta joan den urtean igotako 5-6 daude. Denera, 20-22 jokalarik izango dute fitxa.

Gazte asko bakarrik ez. Zu ere berria zara preferenteko entrenatzaile bezala. Zer moduz hasiera?
Hasieran, arraro xamar egiten zitzaidan. Lehendik ere txikiekin aritu izan naiz entrena­tzaile lanetan, baina jokalari izan naizen taldean ez. 10 urtetan aritu naiz bertan jokatzen eta arraroa egiten da. Hasieran duda nuen aldaketa nola hartuko ote zuten taldekideek, baina oso jarrera ona izan dute denek eta harrera bikaina izan da. Emaitzak ikusiko ditugu.

Eta, ze santsazio aurredenboraldian?
Aurredenboraldia ezin da oinarri hartu. Guk entrenamendu bezala hartzen ditugu partidu hauek eta lehenengo partidua batere entrenatu gabe  jokatu genuen. Galdu egin genuen eta gure partidurik txarrena jokatu genuela esan daiteke. Bigarre­na, berriz, Touringen aurka jokatu genuen. Kategoria bat gehiago dute eta galdu arren, nahiko paretsu ibili ginen. Azken partidua, berriz, irabazi egin genion Hondarribiari.

Iaz, erdi parean bukatu zenuten denboraldia. Ze helburu duzue aurten?
Ahalik eta emaitza onenak lor­tzea eta ahalik eta gorenen egotea. Helburua da herriko jendeari aukera ematea futbolean aritzeko eta hortik abiatuta, ahalik eta lan txukunena egitea. Erregularragoak izaten ere saiatuko gara. Azken urteetan beti berdina gertatu izan zaigu. Oso fuerte hasi izan gara eta gero behera egin izan dugu. Adibidez, 8 partidu jarraian irabazi eta gero 6 partidu jarraian galdu.

Mailaz igotzea, ba al duzue erronka bezala?
Orain dela 5 urte, Ohorezko mailara igo ginen. Oso denboraldi ona egin genuen eta mailaz igo ginen, baina urtebete bakarrik iraun genuen. Azken urteetan irudi hori eman da. Bazirudien berriz igoko ginela, baina gero beti erdi parean bukatzen genuen.
Nik ikusten dut etorkizuneko erronka bezala. Orain agian ez, baina urte pare batera goian egoteko aukera badugula uste dut.

Zeintzuk izango dira aurtengo talde indartsuenak?
Talde indartsuena, Vasconia ikusten dut. Gainontzean, nahiko berdindua izango da liga. Iaz, oso ondo ibili ziren Mariño eta Sanpedrotarrak, baina urtetik urtera aldatu egiten dira gauzak.

Gaur Euskaldunaren aurka jokatuko duzue. Nolako aurkaria espero duzue?
Gure antzeko jarrera dute, hau da, Andoaingo, herriko jokalariekin jokatzen dute. Gainera, ez dakit seguru, baina uste dut aurten nahiko talde gaztea dutela. Guk argi dugu, gure lana ondo egiten badugu, irabaztea lortuko dugu.

Etxean, zaletuen babesa ere garrantzitsua izango da, ezta?
Bai, eta egin nahiko nioke jendeari dei moduko bat. Etorri daitezela animatzera, herriko jendeak jokatzen du taldean eta bertako jendearen babes eta indarra ondo etorriko dira. Plan polita izan daiteke larunbat arratsalde baterako.

2014/2015 denboraldia
Atezainak: Eneko Izeta eta Iñigo Garin.
Defentsak: Asier Nogales, Miguel Gonzalez, Javier Bueno, Manu Aguirre, Jon Arzallus, Beñat Arejula eta Uxer Odriozola.
Erdilariak: Iban Gomez, Unai Este­vez, Paul Susperregi, Mikel Gartziare­na, Jon Rios (kapitaina), Andres Iraundegi (kapitaina), Ibai Lafourca­de, Ivan Lisner eta Borja Gomez.
Aurrelariak: Beñat Mendiburu, Yorkis Abranson, Asier Gutierrez, Kepa Zubillaga eta Oier Gurutzealde.
Entrenatzailea: Egoitz Sayar.
Bigarren entrenatzailea: Adur Basurko.
Atezainen prestatzailea eta delegatua: Angel Barjacoba.
Prestatzaile Fisikoa: Joxemari Zabala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!