«Elkartasunetik konpromisora pasa behar dugu, denon artean posible izango delako»

Kronika - Erredakzioa 2014ko irailaren 20a

Julen Zuaznabar eta Breogan Fernandez astigartarren aurkako epaiketak hasiko dira datorren astean. Zuaznabarren epaiketa astelehenean hasiko da Madrilen, Auzitegi Nazionalean. Fernandez, asteazkenean epaituko dute, Bilbon.

Zuen aurkako epaiketak hasiko dira datorren astean. Nola sentitzen zarete?
J. Z.: Azken egun hauetan jende askoren galdera... eran­tzuna? ez dakit...atxilotu nindutenean nere bizitza eten zuten 17 hilabete luzez eta askotan ez naizela itzuli edota amets gaizto horretatik esnatu ez naizela iruditzen zait, jada lau urte pasako dira! Oraindik ez da amaitu, 3 hilabetez ibili behar gara Madrileko epaitegi arrotz horretara joan etorriak eginez, ahaztu gabe gehiago luzatu dezaketela gu kondenatuz 6 urtetara. Nola sentitzen naizen? Amets gaizto honetatik esnatzeko gogoarekin.
B. F.: Julenek esan duen bezela azken egunotako galdera da, jende guztiak galdetu eta era berean animoak ematen dizkizu. Nere kasuan hau pasatzeko gogoarekin nago, datorrena datorrelarik. Halere, nere egoera, akusazioa eta fiskalaren eskaera kontuan hartuta, ez da Julenena bezain larria.

Zu Julen, 2010eko urrian atxilotu zintuzten eta 2012ko mar­txoan atera zinen espetxetik, 30.000 euroko fiantza ordainduta. Segiko kide izatea leporatuta, datorren astelehenean hasiko da zure aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazio­na­lean, beste 27 gazterekin batera. 6 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak. Zer duzu honen aurrean esateko?
Nere herriaren askapen nazional eta sozialaren alde lan egin dut eta lan egiten jarraituko dudala. Atxilotu gintuztenean ginen bezalakoak izateagatik atxilotu gintuzten, gure izaeragatik eta ez dute lortu ezta lortuko hori alda­tzea, izan ginelako, baina izaten segiko dugulako. Guzti honen irakurketa? Labur labur, zentzugabea. Iazko ikasturtean, 40 gazteak absolbitu zituzten une berean, gure aurkako prozesua eten behar zen eta gu bezalako prozesuak jasan dituzten gazte espe­txeratu guztiak kalean beharko lukete aspaldi.

Zu Breogan, Urtza Alkortaren atxiloketa saihesteko iazko maiatzean Ondarroan egin zen herri harresian izan zinen. Autoritateari (ertzain bati) eraso izana leporatuta epaituko zaituzte hurrengo asteazkenean, Bilboko epaitegian. Fiskaltzak bi urteko espetxe zigorra eskatzen du.
Bai, hala da. Urtza atxilotu eta epaitu zutenean torturak salatu zituen, eta hauek ikertu beharrean, hauen bitartez lortutako deklarazioak epaiketan froga­tzat erabili ziren. Horregatik, beste askok bezela, Urtzaren atxiloketa saihestea eta salatzea derrigorrezkoa ikusi nuen. Ekin­tza hau baketsua izan zen gure aldetik, ez horrela ertzaintzaren aldetik. Ostikadak eta kolpe ugari jaso genituen eta halere, beraiek zauri eta kalteak izan  zituztela argudiatu zuten gu nolabait zigortzearren. Fiska­lak eskatutakoari ere ez diot zentzu askorik ikusten, guk erresisten­tzia baketsua egin genuela kontuan hartuta bi urteko espetxe zigorra eskatzea...

J.Z.: «Etxekoek eta gertukoek emandako babesak hitzik gabe utzi nau, haiek dira gure indar!»

Nola izango dira epaiketak?
J. Z.:  puff! Kriston jaleoa... Hasiera batetik argi duguna, iraileko 3 egunak dira, hortik aurrerakoa, dena aldatu daiteke epaileak erabakitzen duenaren arabera. Egutegi probisionala da eta abixatu digute erabat aldatu daitekeela azken momentuan, horrek suposa­tzen duenarekin gure eguneroko bizitzan. Nere nahia da, Madrilen ahal dudan gutxien egotea. Beraz, bertan lo egingo dugu, baina epaiketa saioetako egunetan, eta lehenbailehen Euskal Herrira itzuliko gara.
Lehenengo hiru egunetan, 28on deklarazioak izango dira; nik 24an deklaratu behar dut. Ondoren deklaratuko dute, atxiloketan eta torturetan parte hartu zuten polizia nazionalek, gure testiguek, haien perituak eta azkenik, gure peritu eta psikologoak, oker ez banago. Oso astuna izango da eta tortura­tzaileek deklaratzen duten egunetan... ez dakit... ikusiko da eguna iristean!
B. F.: Nere epaiketa egun batekoa da eta Bilboko epaitegian. Oraindik ez dakit nola izango den zehazki baina, bai guk eta bai ertzainek deklaratuko dugula pentsatzen dut. Gero, epaileak erabakitzen duenaren zain egon beharko dugu.

Zer suposatzen ari zaizue epaiketa hau? Pertsonalki, ekonomikoki...
J. Z.:  Orain arte, ezin erabaki­tzea luzera begira, mugatua egotea, preso jarraituko banu bezala, baina beste modu batera... Aurrera begira? Ezin dizut ezer esan, ez didatelako uzten etorkizunera begiratzen, egunerokoa bizitzera mugatu gaituzte azken lau urte hauetan. Espero dudan gauza bakarra da, hau guztia bukatzean, jakitea etorkizunera begiratzen, hainbeste denbora pasa denez, ez dakit gogoratuko naizen zer zen hori!
Baina pertsonalki, animatua nago, gogotsu, babes ikaragarria jaso dugu txoko guztietatik. Batez ere, etxekoek eta gertukoek emandako babesak, hitzik gabe utzi nau, haiek dira gure indar!
Eta ekonomikoki, kontuan izanda espetxetik ateratzeko, 30.000 euroko fidantza ordaindu behar nuela 24 urterekin… gure epaiketaren gastuak 4.000 euro pertsonako direla eta gaur egun bizi dugun krisi egoera... Oso itogarria. Jendearen aportazioa oso garrantzitsua izaten ari da ekonomikoki, esker hitzak besterik ez ditut hainbeste lagundu gaituen jendearentzako, bai ekonomikoki bai pertsonalki. Deskriba ezina da.

B.F.: «Ekintza hura baketsua izan zen gure aldetik, ez ordea, ertzaintzaren aldetik»

Julen, esan duzun bezala, zuen egoera berean ziren 40 gazte absolbitu zituzten ekainean. Epai hark ematen al dizue esperantza pixka bat?
Audientza Nazionalarekin espe­ran­tzak alperrik direla uste dut. Tonbola makabro bat da. Haiek nahi dutena izango da.

Zuen epaiketak, epaiketa politikoak direla salatu izan duzue. Eta bide berean, hainbat euskalherritar zigortuak izan direla ere bai. Astiga­rra­gan bertan, Ekaitz Ezkerra, Zipotza elkartea…
Ekaitzen kasuan, hasieran esandakoa: 40 gazteen absoluzioarekin, torturapean sinatutako autoin­kulpazioak jada ez dute balio eta Ekaitz torturatua izan zela kontuan izanik, aspaldi behar zuen kalean eta ez beste hainbat preso politikoekin batera etxetik urrun. Zipotzari dagokionez, Asti­ga­rragari hainbeste eman dion elkartea lapurtu nahi digute, horrelako erasoek gaur egungo testuinguru poli­tikoan ez dute zentzurik eta gatazkaren konponbidearen aur­kakoak dira. Justi­zian eta demokrazian oinarritutako ba­kea nahi dugunontzat, zigor honek ere ez du inolako zentzurik.

Epaiketa politikoen aurka, Libre dinamika martxan da, besteak beste. Ostiral Laranja ere egin zen Astigarragan, igandean manifestazioa Do­nos­tian, Herritarron Adieraz­pena Gernikan… Nolakoa izaten ari da erantzuna?
Ikaragarria izan da eta izaten ari da herritarren erantzuna horrelako erasoen aurrean. Ezin da gehiago eskatu, esperotakoa baino elkartasun gehiago jaso dugu eta konpromiso ugari. Azken hau da beharko litzatekeena: jendea, elkartasunetik konpromisora pasatzea, denon arten posible izango dugulako, hitza herriak duelako eta ez Madrileko auzitegi arrotz batek. Herritarrek hitz egin dute eta epaiketa politikoei ezetza borobila eman ere.

Asanbladak eta kontzentrazioak
Datorren astean, asanblada infor­­matiboak eta kontzentrazioak dei­tu dituzte, epaiketak direla eta. Aste­lehene­an eta asteazkenean izango dira, 20:00etan, Joseba Baran­dia­ran plazan. Horrez gain, azken ostiraleko kontzentrazioa egingo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!