Gure kaleak hobetzea: hona gure aukera! leloari jarraituz, Mugikortasun Astea izaten ari da Europa mailan, eta baita Astigarragan ere. Aste honetan zehar, hainbat ekintza egin dira herrian mugitzeko beste bide batzuk bultzatzeko, eta gaur, bizikleta martxa eta ginkana antolatu dituzte. Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua Joseba Barandiaran plazan. Hamaiketakoa ere izango da.
Astelehenean izango da Mugikortasun Asteari bukaera emango dion azken ekintza. Bideo emanaldia antolatu dute Arrobitxuloko lokalean: Bizikletan bidaiatu familiarekin: Gambia eta Senegal. Arratsaldeko 19:00etan izango da.
Txirrindularitzari buruz, Gaztelokalean
Ostegunean, solasaldia izan zen Gaztelokalean, Astigarragako Andoni Blazquez txirrindulari profesional ohiarekin eta Jon Odriozola afizionatu mailako txirrindulariarekin. Odriozola, Zirauna Infisport taldean dabil, elite mailan. Txirrindularitzaren inguruko hainbat azalpen eman zituzten biek eta galderak egiteko aukera ere izan zuten bertaratutako gazteek.
Denboraldia noiz hasten den eta nola prestatzen diren azaldu zuten. Entrenamenduen inguruan hitz egin zuen Odriozolak: «Kirol desberdinak eginez hasten gara. Eta gero, kilometroak egiten bizikleta gainean. Entrenamendu egun batean 80km egiten dira. Eta hori egunero. Media da hori, izan ere, 2-3 egunetan egiten dira entrenamendu gogorragoak, 150 km ingurukoak, eta gainerakoak lasaiagoak. Denera, txirrindulari profesional batek urtean 30.000-35.000 kilometro egiten dituela kalkulatzen da. Nik, 21.000 kilometro egin ditut oraingoz, aurten».
Dietari buruz ere aritu ziren, gazteek galdetuta: «Dieta bat izaten dugu, baina batzuk izango dira zorroztasunez jarraitzen dutenak, eta beste batzuk ez. Azken batean, badakizu zer jan behar duzun. 3.000-4.000 kaloria gastatzen dira entrenamendu batean, eta horiek berreskuratzeko, hidratoak, proteinak… jan behar dira. Asko jaten dugu, baina garbi». Txirrindulari batek oporretan 6-7 kilo irabazi ditzakeela gaineratu zuten.
Dopinaren gaia ere atera zuten gazteek: «Zorionez, dopinaren inguruan gauzak asko aldatu dira 2005eko Puerto operazioa eta gero. Eta orain gauzak oso ondo daude. Kontrolak beti egiten zaizkie lasterketa irabazi duten aurreneko hirurei eta gero, batzuk aukeratzen dira aparte. Harrapatuz gero, zigor gogorrak daude». Profesionaletan, txirrindulariei kontrolak egiteko, txirrindulariek dirua jartzen dutela azaldu zuen Blazquezek: «Ni profesionaletan nengoenean, 700 euro jartzen nituen urtean kontrolak egin zitzaten. Txirrindulariok nahi genuen kontrolak egitea guri, gure irudia garbi geratzeko».