«Kartzelako ariketa ondo osatu nuen eta nahiko gustora bukatu nuen finala»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ira. 13a, 02:00

Hogeita hemezortzigarrenez antolatu du aurten Lizardi Saria, Zarauzko bertso eskolak. Gazte sariketen artean ospe
haundienetakoa daukana da eta Arnaitz Lasarte ereñotzuarra bigarren geratu da. Gainera, bertso onenaren saria berak jaso du, Ane Labakarekin zortziko txikian egindako lanarekin (azken bertsoa). Labakak irabazi zuen txapelketa.

Irailaren 5ean jokatu zen Li­zar­di Sariko finala Zarautzen. Sei bertsolari gazte aritu ziren lehian eta Arnaitz Lasarte ereñotzuarra bigarren geratu zen. Ane Labakak jantzi zuen txapela. Lasarte fin aritu zen eta bertso onenaren saria berak lortu zuen. Labakarekin zortziko txikian egindako lanetik, ereñotzuarraren azken bertsoa saritu zuten.
Finalaren eta txapelketaren inguruan, honako balorazioa egin dio Kronikari: «Finala nahiko gustora bukatu nuen. Kartzelako ariketa ondo osatu nuen eta beti gogoratzen zara bukaerako lanaz, beraz, sen­tsazio onarekin geratu nintzen. Txapelketa osoan, ordea, inkomodo xamar aritu naiz. Ideiak etortzen zaitzaizkidan, baina bertsoak osatzen nahiko lan izan dut orokorrean. Hala ere, emaitzak ikusita, oso gustora geratu naiz. Eta bigarren postua lortuta, oso pozik, noski».

Azken aukera
Lasartek ez du lehenengo aldia Lizardi Sarian. Beste bi urtez ere aritu izan da, 2010 eta 2011n. Gazteen lehiaketa izaten da eta 25 urte arte izaten da parte har­tzeko muga. Hori horrela, aukera ezin zuela galdu pentsatu zuen ereñotzuarrak: «Aurten­goa zen parte hartzeko nuen azken aukera. Sariketetan parte har­tzeko, deitu egiten dizute. Xen­pelarretik ere deitu zidaten urte batean eta ezetz esan nuen. Orain, berriz, parte hartzeko azken aukera izango nuela ikusita, animatu egin nintzen. Gainera, aurreko urte haietan nahiko gaizki aritu nintzen eta arantza ateratzeko balio izan dit. Orain pena daukat ezingo dudalako gehiagotan parte har­tu. Onenean nagoenean, orain ezin! Lehenago hasi bagina...».

Udan zehar, hainbat plaza
Lasarte, bertso munduan sartuta bizi da, Hernaniko bertso eskolako kide, irakasle, bertsozale... baina ez da plazetan asko ibilia. Dena dela, uda honetan hori aldatzen ere hasi da: «Lizardin parte hartu behar nuela eta, pentsatu nuen komeni zela plazetan ibiltzea. Ondo ibili nahi banuen, behintzat. Egunak ere zerikusi haundia izaten du. Batzuetan egun ona daukazu eta beste batzuetan oker xamarra, baina argi dago geroz eta gehiago ibili plazetan, egun on bat izateko aukera gehiago dagoela. Orduan, lehiaketaren aitzakian hasi nintzen. Santa Barbarako saioa atera zi­tzaigun eta egia esan, oso gustora geratu nintzen. Agian, inoiz baino gustorago. Oierrekin eta Zelaiarekin aritu nintzen eta primeran joan zen saioa. On­do­ren, Portun ere kantatu genuen. Azken urteetan, bertso eskolatik gaztexeagoak bidali izan ditugu, baina aurten gu animatu gara. Bertan aritu ginen Oier Iurra­mendi, Eli Pagola eta hirurok. Gure artean ere aritu gara ber­tsotan... Ibili gara bai, udan».

Gipuzkoako Txapelketako asmotan
Gipuzkoako Txapelketa ere gainean da, datorren urtean izango da eta horrek ere eragina izan duen galdetuta, halaxe erantzun du: «Orain arte ez dut buruan izan Gipuzkoako Txa­pelketa zeto­rrenik, baina hasi da notatzen giro hori afaritan-eta. Saltsa nabari da. Egia esan, oraindik ez dut konfiantza haundiegirik, baina pixkanaka ikusiko dugu. Ilusioarekin eta gogoz ari naiz eta ea eusten diogun. Saiatuko gara behintzat hartu dugun asteroko martxa honekin segitzen eta pulamentu pixka bat egiten. Lana egiten bada, gauzak ateratzen dira». Aurkezteko asmoa, orduan? «Printzipioz aurkeztuko gara, baina gero ikusiko dugu denboraz nola gabiltzan. 2011ko txapelketara prestatuta joan nintzen, baina aurten gehixeago prestatu nahiko nuke».

Zortziko txikia: Arnaitz Lasarte eta Ane Labaka
Gaia: Arnaitzek gaur eraman du Ane lehenengo aldiz etxera, gurasoak ezagutzera. Afaltzen hasi dira, baina Anek ez du ezer jaten.

1. Babarrunak hor zeuden
goizez irakiten
tripakiak ez dira
horren gaizki irten
zu halare jan gabe
zaude astakirten
ikasizazu behintzat
itxura egiten

2. Lauak eseri gera
gustora mahai baten
odolkia, txoixua
errex da esaten
zure ama ari zait
pelmada ematen
esan nizun enula
haragirik jaten

3. Haragia jarri du
ta goxo goxoa
ta hori zuretzako
dezu arazoa
ezautu nahi badezu
famili osoa
ama konbentzitzea
da lehen pausoa

4. Zure ama gustora
daukat nik mutiko
nerekin gaur ez baita
agertu kritiko
hizketan hasi eta
irripar bat kitto
lehenago etzenitun
asko ekarriko

5. Ni neska askorekin
naiz hemen egona
Arnaitzen gaitasunak
badu eta sona
nahiz bi platerek sortu
arazo sakona
etxe hontan postrea
izaten da ona

6. Nere aurrean daude
hor hiru aingeru
etxeko sukaldea
bihurtu da zeru
nahi badezu postrea
probau dezakegu
eta gero musean
egingo al degu?

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!