Gure Esku Dagok antolatuta festa giroa nagusitu zen ostegunean Kaxkoko kaleetan zehar, Eskoziako erreferendumari babesa erakuste aldera, eta «laster Katalunian eta Euskal Herrian bide bera egitea lortuko dela» aldarrikatzeko.
Hainbat herritarrez gain, alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak ere izan ziren festan. Besteak beste, EAJko Mikel Gurutzealde, Luis Intxauspe Hernaniko alkatea eta EH Bilduko beste hainbat ordezkari, ELAko Uxue Mingo eta LABeko Javier Hernandez (Hatxe).
Arratsaldeko 19:00etan hasi zen jaia; Hernani Musika Eskolako txistulari eta dultzaineroek, eta inguruko gaiteroek girotuta, pintxo-potean ibili ziren herritarrak Kaxkoan. Segidan, Plaza Berri ondoan bildu ziren, bertsoak entzun eta brindisa egiteko.
Bide batez, jakinarazi zuten urriaren 8an bilera ireki bat egingo dutela, eta lokal berria dutela, Andre Kalen.