Asteazkenean hitzaldia eman zuten, Goiz Eguzkin, Inma Lopetegi eta Antton Aizkorreta Gizarte Langileek, Eguneko Zentroari buruz.
Astelehenetik ostiralera bitartean 60 pertsonentzako izaten da tokia, eta asteburu eta jaiegunetan, 18 pertsonentzako.
Bizi-kalitatea hobetzeko hainbat zerbitzu
Eguneko Zentroaren helburua da «adindunen bizi-kalitatea hobetzea; hau da, etxebizitza, segurtrasun, higiene, elikadura eta gizarte harremanen arloetan baldintza egokietan bizitzeko baliabide nahikoak sustatzea, eta haien beharretara egokitutako inguruneak sortzea». Helburu horiek betetzeko, hainbat zerbitzu eskaintzen dira bertan.
Batetik, etxetik zentrorako eta bueltarako garraio publikoa. Bestetik, ile-apaindegia eta podologia. Era berean, higiene pertsonala eta jantokia. Azkenik, arreta pertsonala, ludikoa eta soziala. Azken horri dagokionez, bakoitzaren egoera zehazteko azterketa bat egiten du Foru Aldundiak, eta bere beharretara egokitutako taldera bideratzen da pertsona hori: irakurketa eta solasaldi saioetara, ahalmen kognitiboa lantzeko saioetara... Medikazioari dagokionez, pastillak hartzeko laguntza ematen da.
Izena eman ondoren, Foru Aldundiak baloratzen du.
Izenematea, Gizarte Zerbitzuetan
Izena eman ahal izateko bi baldintza bete behar dira: Hernanin erroldatua egotea (gutxienez, 2 urtez), eta 65 urtetik gora izatea. Izena emateko Hernaniko Gizarte Zerbitzuetara jo behar da (Sandiusterrira, Zaharren Egoitzara), edo telefonoz deitu: 943 55 78 54.
Behin eskaera eginda, Foru Aldundiak eskaera egiten duen pertsonaren balorazioa egingo du, zein talde komeni zaion eta, dituen diru-sarreren arabera, zenbat ordaindu beharko duen zehazteko. Prezioan sartzen dira zentroko zerbitzu guztiak.