Hernaniko 28 pelotari prest daude denboraldiko aurreneko txapelketa ofizialean parte hartzeko; Gipuzkoako Txapelketan, hain zuzen.
Asteburu honetan jokatuko dira lehenengo partiduak. Hernaniarrek eskuz binaka eta banaka jokatuko dute, hiru mailatan.
Kadete mailan, 8 pelotari
Zortzi hernaniar ariko dira kadete mailan jokatzen. Eskuz binaka ariko dira, hiru mailatan. Horietako bi bikotek gaur jokatuko dituzte lehenengo partiduak, 11:00etan hasita, kiroldegiko frontoian: 3garren mailan, Rekondo-Insausti Azkoitiaren kontra, eta 2garren mailan, Hernani 2 Alde Zaharren kontra.
Helburuak ondo zehaztuta dituzte, maila bakoitzean. Lehenengo mailan jokatuko dutenak ahalik eta sailkapen onena lortzen saiatuko dira; bigarren mailan arituko direnek aurreneko postuetarako lehian sartzea izango dute helburu; eta hirugarren mailakoek, lehiatzen ikastea.
Jubeniletan, bi bikote
Lau pelotarik jokatuko dute jubeniletan, eta gaur, bigarren mailakoek izango dute estreineko partidua; Pagola-Urruzola, Epleren kontra, arratsaldeko 16:30etan Hernanin.
Hauen helburua izango da ahalik eta sailkapen onena lortzea, eta lehenengo mailan ariko den bikotearena, berriz, Euskal Ligarako sailkatzea.
Pelotari gehien seniorretan; 14 Seniorretan bi modalitatetan ariko dira; binaka eta banaka. 14 pelotari hernaniar, lau mailatan.
Eskuz binaka, elite mailakoek goiko postuetako borrokan sartu nahi dute. Lehenengo eta bigarren mailakoek nork bereari eustea dute helburu, eta hirugarren mailakoak, ahalik eta lan txukunena eginez, sailkapenik onenak lortzen saiatuko dira. Eskuz banaka, txapelketa maila bakarrean jokatuko da, eta Euskal Ligarako sailkatzea da helburua.
Gaur maila guztietako pelotariek jokatuko dute: elite mailan, Ojuel-Aizpitarte Aurrera Saiazen kontra; 1go mailan, Urkizu-Lizeaga Tartaloetxeren aurka; 2garrenean, Altuna anaiak Azkoitiaren aurka; eta 3garrenean, Zurutuza-Arizkorreta Eibarren aurka. Atzo, San Sebastian Gaztelekuren aurka aritu zen 1go mailan.