«Garbi daukagu Hernanik potentziala duela hirugarren mailan egoteko»

Kronika - Erredakzioa 2014ko irailaren 20a

Ondo hasi du denboraldi berria Hernanik, lehengo asteburuan, aurreneko partiduan Tolosaren aurka berdinduta. Gaur, berriz, Antzuolaren aurka jokatuko du, 17:00etan. «Borroka haundia» espero da zelaian.

Alain Gerekaetxebarria da Her­naniko Ohorezko Erregio­nal Mailako taldearen en­tre­natzailea. Ondo ezagutzen du taldea, eta garbi du hasi berri den denboraldi honetako hel­buru nagusia: «ahalik eta goien egotea». Lehengo asteburuan izan zu­ten aurreneko partidua, Tolosaren aurka, eta ondo hasi dira, berdinketa lortuta. Izan ere, ez da talde samurra Tolosakoa. Lehengo urtean bitan galdu zuen Hernanik hauen kontra.  Gaur, berriz, Antzuolaren aur­ka jokatuko dute, 17:00e­tan, Antzuolako zelaian.

Aldaketak izan ditu Hernanik. Nola dago taldea?
Hamar aldaketa inguru izan ditugu. Aurtengo taldea gaz­teagoa da. Jubeniletatik bi igo dira, Antiguokotik beste hiru etorri dira, eta Hernaniko bigarren taldetik ere beste bi jokalari etorri dira. Bestalde, Iñigo Olasagasti kapitainak utzi egin du taldea, eta orain, lauko talde batek beteko du lan hori: Axier Mingok, Haritz Lujanbiok, Andoni Uriok eta Xabi Elberdinek.

Lehengo urtean bitan galdu zenuten Tolosaren aurka, eta aurten hobeto hasi zarete, berdinketa lortuta.
Tolosa goialdeko taldea da, eta zalantza genuen, dauka­gun talde gaz­teak izan ze­za­keen era­gina zela-eta. Baina oso pozik gaude. Hala ere, aurreko urtekoa oso arraroa izan zen. Lehenengo par­ti­du­an 3-0 irabazten hasi ginen, eta azkenean, 4-5 galdu ge­nu­en. Sekulako jipoia izan zen. Aurten, berriz, sentsazio oso positiboa daukagu. Gazteek esperientzia falta izan de­za­kete, baina gogo eta ilusio haundia transmitizen diete beteranoenei.

Izandako aldaketak kontuan hartuta, zein da aurtengo helburua?
Helburua beti da ahalik eta goien egotea, nahiz eta jende gazteagoa eduki. Planifi­ka­zi­oa egitean garbi eduki dugu Hernanik potentziala duela hirugarren mailan egoteko. Igual ez dugu aurten lortuko baina bai aurrerago. Pausoz pauso joan behar dugu.

«Gazteek esperientzia falta izan dezakete, baina gogo eta ilusio haundia transmititzen diete beteranoenei».

Zein izango dira aurkari gogorrenak?
Seguru asko Tolosa, Aurrera, Aretxabaleta, Anaitasuna eta Elgoibar, hirugarren mailatik jaitsi berria azken hau. Baina gero, partiduz partidu eta zelaiaren arabera egokitzen asmatu beharko dugu.

Eta zein izan daitezke klabeak, aurkari horiei aurre egiteko?
Klubaren beraren baloreak, azken batean. Intentsitatea, ilusioa, pasioa, gogotsu eta ausardiaz jokatzea... Klub osoarentzako baloreak dira horiek, eta denei trans­mititzen saiatzen gara. Gainera, taldean egiten dugu lan. Nerekin batera aritzen dira Unai Legarreta prestatzaile fisikoa, Jon Gar­cia atezainen entrena­tzailea, eta Agustin Boulandier bi­garren entrenatzailea. Talde lana da gurea.

Gaurko partiduan, berriz, zein izango da giltza?
Antzuolaren aurka jokatuko dugu, eta badakit talde hau ere dezente aldatu dela denboraldi honetan. Bestal­de, zelai berezia da Antzuo­lakoa; txikia. Lehe­nago ai­patu bezala, partiduz partidu eta zelaiaren arabera ego­kitzen asmatu beharko dugu, eta hau izango da kasu horietako bat. Gainera, An­tzuolaren helburua man­tentzea izango dela pen­tsa­tzen dut. Beraz, zer gertatuko den inkognita bat da, baina borroka haundiko partidua izango dela espero dugu.

«Egunez egun haziz eta gauzak ondo eginez gero, espero ditugun emaitza onak errazago etorriko zaizkigu».

Lehengo urtean sailkapenean zazpigarren bukatu zuen Hernanik. Aurten gorago gelditzea espero duzu?
Gaizki hasi ginen. Ez genuen lortzen lehenengo partiduan jasotako jipoiari buelta ema­ten, eta neronek planteatuta, aldaketa bat egin genuen. Izan ere, konfiantza galera egon zen nolabait, jokalari eta entrenatzailearen artean. Or­duan, Gorka Zabaletak hartu zuen taldearen gida­ritza, eta berak lortu zuen egoerari buel­ta ematea, eta denboraldiaren bigarren erdia, bukaerara arte, hobeto joan zen. Aurten hobeto hasi gara, eta asmoa da goiko tal­de­ekin lehian aritzea. Hori bai, jokalariei presiorik egin ga­be; gazteak dira! Nik uste dut egunez egun haziz eta gau­zak ondo eginez gero, es­pe­ro ditugun emaitza onak erra­zago etorriko zaizkigula.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!