Jendea kontzientziatzea eta mugitzeko ohiturak aldatzea da Mugikortasun Astearen helburua. Hernanin bete-betean da, eta asteburu osoan izango da zertaz gozatu.
Ginkana, Koxkaren eskutik
Seigarren urtez, Ginkana egokitua antolatu du gaur Koxka elkarteak, Kemen, Hernades, AGI eta AGAEB talde eta elkarteen laguntzarekin. Ginkanaren helburua da partehartzaileak desgaitasuna duten pertsonen lekuan jartzea: «haien zailtasunak ezagutuko dituzte, eta ikasiko dute, beharrezkoak diren baliabideak edukiz gero, desgaitasunen bat dugunok ere kirol eta jokoetaz goza dezakegula».
Ginkanan ariketa ezberdinak izaten dira, desgaitasun batekin zerikusiren bat izaten dutenak: desgaitasun fisikoa, mugimenduzkoa, zentzumenezkoa edo intelektuala. Aurten gainera, bi nobedade izango dira. Ariketa bakoitzean arduradun bat egongo da, azalpenak eman eta laguntzeko. Ariketa bakoitzak puntuatu egingo du, eta kontuan izango da nola bete den, sinpatia, jarrera eta begikortasuna. Zirkuitua bukatzean, txokolatada izango da. Hitzordua 17:00etan da, Atsegindegin; eta Koxkak herritarrak gonbidatu ditu gerturatu eta parte hartzera.
Ibilbidea eta bizikleta festa, asteburuan
Larunbatean izango du segida mugikortasun festak, oinezkoentzako antolatu duten ibilbidearekin. Ariketa fisikoa egitea izango da helburua. Ibilbidean ezagutuko dira gainera, ariketa fisikoa egiteko jarri diren makinak. 10:00etan abiatuko dira Goiz Eguzkitik.
Igandean berriz, bizikletak izango du protagonismoa. JOCC taldeak antolatuta bizikleta buelta izango da Hernanin barrena. Goizeko 09:30etan aterako dira Plaza Berritik. Eta ordu berean, Bide Heziketako zirkuitua antolatu dute Atsegindegin.