«Gure babesa adierazteko, Eskoziako bandera jarriko dugu»

Kronika - Erredakzioa 2014ko irailaren 18a

Eskozian gaur egingo den erreferendumaren harira, Astigarragako Udalak aho batez adierazpen instituzional bat onartu zuen atzoko bozeramaileen batzordean.

Adierazpen instituzionala: «Urteetako ibilbidearen ondoren, Eskoziar herriak bere etorkizuna libreki erabakiko du gaur. Eskozian, bertako herritarrek hartuko dute hitza; eta herritarrak izango dira erabakiko dutenak, Eskoziak zer nolako antolaketa politikoa izan behar duen.

Gaur Eskozian egingo den erreferenduma, herrien askapen prozesuen ibilbidean beste urrats garrantzitsu bat izango da. Eskoziarrak, dagoeneko beren herriaren etorkizunaren jabe dira, eta laister batean, Katalunia, Euskal Herria eta munduko hainbat naziok ere eskubide hori egikarituko dugu. Herrien askatasunaren aldeko atzeraezineko prozesu bat abian dagoelako mundu mailan.

Egun historiko honen aurrean, honako adierazpen hau egin nahi dugu instituzio honetatik:

1.- Eskoziar herria zoriondu nahi dugu, libreki etorkizuna erabakitzeko burutzen ari diren ariketagatik. Herri orok duen eskubidea praktikara eraman da.

2.- Munduko herri askeen historiarako geratuko den data izanik, eta Eskoziar herritarrak beraien etorkizuna libreki erabakitzen ariko diren egunean bertan, gure babesa adierazteko, Eskoziako bandera jarriko dugu instituzioaren fatxada nagusian, ikusgarri eta lehentasunekoa izango den toki batean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!