Mugikortasun Astea antolatu da Europa mailan, eta baita Astigarragan ere. Atzo hasi zen eta astelehenera bitarte, hainbat ekintza antolatu dituzte Udalaren Ingurugiro sailak, Astigarragako Herri Eskolak eta Astigarragako Txirrindulari taldeak. Aurtengo leloa: Gure kaleak hobetzea: hona gure aukera!
Eskolara joateko, modu ezberdinak
Mugitzeko beste bide batzuk bultzatzeko, eskolan hainbat ekintza antolatu dituzte aste osoan zehar. Alde batetik, eskolarako sarbidea itxita egongo da kotxeentzat, goizean (eskolara sartzeko orduan). Kotxeek herri sarrerako errotondatik gora egin ahal izango dute, baina Reollo altzariak dagoen eraikinari buelta emanda atera beharko dute. Bestetik, bihar, Seguru baietz Eusko Jaurlaritzaren sentsibilizazio kanpainak geldialdia egingo du Herri Eskolan.
Horrez gain, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1go mailako ikasleek eskolara joateko modu ezberdinak marraztuko dituzte eta gero, jolastokian erakusketa jarriko dute. Lehen Hezkuntzako 2, 3, 4, 5 eta 6garren mailako ikasleak, berriz, Astigarragako auzo ezberdinetatik eskolara oinez joango dira. Hala jakingo dute, ze distantziara dagoen auzo bakoitza eta zenbat denbora behar den eskolara heltzeko.
Hitzaldia, Gaztelokalean
Eskolatik kanpo, beste hainbat ekintza antolatu dira. Bihar, solasaldia izango da Andoni Blazkez Astigarragako txirrindulari ohiarekin eta beste txirrindulari profesional batekin. Gaztelokalean, 18:30etan. Larunbatean, berriz, bizikleta martxa, ginkana eta hamaiketakoa egingo dira, Joseba Barandiaran plazan, 11:00etan. Eta astelehenean, bideo emanaldia 19:00etan, Arrobitxuloko lokalean: Bizikletan bidaiatu familiarekin: Gambia eta Senegal.