HERNANIKO hondakinen kudeaketa ezagutzera etorriko dira gaur Frantziako Brivela-Gaillarde hiriko zinegotzi eta teknikariak. Bernard Longpré alkateordearen hitzetan, interesatzen zaiena da bertatik ezagutzea hondakin organikoa nola bildu eta kudeatzen den Hernanin, bai atez ate bilduta eta baita auzokonpostean ere. Bisita arratsaldeko 15:00etan hasiko da, Gudarien Plazatik abiatuta. Hernaniz gain, Usurbil eta beste zenbait herri ere, bisitatuko dituzte.
Bisita gaur arratsaldean egingo dute; 15:00etan abiatuko dira Gudarien Plazatik.
Datorren urtean organikoa atez ate biltzeko asmoa
Brive hiriak 50.000 biztanle ditu eta datorren urtean dute organikoa atez ate biltzeko asmoa. 10.000 biztanle inguru bizi diren auzoetan hasiko dira, momentuz.
Bernard Longpré alkateordearekin batera etorriko dira Briveko mankomunitateko bi kide: Philippe Guyot ingeniaria eta Marie Cerlerier kudeatzailea. Makomunitateak 107.000 biztanleren hondakinak gestionatzen ditu. Frantziako hiri eta mankomunitate gehienetako hondakinak errauskailura eramaten dituzte orain: «Europako beste zenbait herrialderekin alderatuz gero, birziklatze tasa baxua dute. Hasi dira ordea, gaikako bilketa sistemak zabaltzen».