Euskal jantziei hautsa kendu eta kalera, festara ateratzeko egunak izango dira larunbata eta igandea. Izan ere, seigarren urtez, Euskal Jaiak ospatuko dira Hernanin, orain dela 100 urteko giroa gogora ekartzeko.
Artzaintza lanen erakustaldia, nobedadea
Larunbatean, 10:00etan emango zaio hasiera jaiari, Tilosetan jarriko diren abere azoka eta artzaintza lanen erakusketarekin. Aurten gainera artzaintza lanen erakustaldia antolatu dute: Ipar Arrindak ardiak jetziko ditu, ilea moztuko die eta artzain txakurrarekin ardi multzo txiki bat nola gidatu erakutsiko du. 11:00etan, berriz, taloak dastatzeko aukera izango da, eta 11:30etan, antzinako jokoak probatzekoa. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, txakolinarekin eztarria goxatu, kantu kalejiran aritu eta erraldoi eta buruhaundiekin korri eta salto egin ahal izango da. Segidan, herri-kirolak izango dira. Arratsaldean, berriz, 17:30etan haurrentzako tailerrak izango dira, 18:30etan erromeria, 19:30etan musika bandaren kontzertua, eta 20:00etan, sardin-jatea.
Igandean, sagarra eta sagardoaren eguna ospatuko da. Txistularien dianak esnatuko du herria 09:00etan, eta 11:00etan hasiko da sagardo dastaketa. Gero, pelota partiduak izango dira Tilosetan, eta 12:00eta, XVI. trikitixa txapelketa, Plazan.