Udal Gobernuak proposatu dituen trafiko aldaketen inguruan prentsa oharra bidali du PSE-EE alderdiak: «aldaketa horiek ez dituzte dauzkagun zirkulazio arazoak konpontzen, eta ez diete erantzuten herritar askok egindako aldarrikapenei».
Etxeberri eta Sagastialde konexiorik gabe, berriro
PSE-EEk dio «Etxeberri, Antziola, Florida, Sagastialde eta abarreko biztanleek tratu hobea merezi dutela, eta eskubidea dutela Atsegindegiraino igo behar ez izateko, autobusa hartzera».
Era berean, uste du Bilduk proposatutako bi geltoki berriek «trafikoa geldiaraziko dutela. Eta gainera, G autobusak bakarrik pasako dira bertatik, A autobusek betiko bidea egiten jarraituko dute, Etxeberri eta Sagastialde ingurua konexio gabe utziz».
«Hernanirentzako lehentasuna al du?»
Bestalde, sozialistek galdetzen dute «beharrezkoa ote den Txillida pasealekua bi norabidekoa izatera pasatzea, orain oinezkoentzako paseo polita dena, bidegorriarekin eta zirkulazio maila txikiarekin. Ez al da urte hauetan nahikoa diru gastatu bertan? Hernanirentzako lehentasuna al du?».
Hori guztiagatik, «Bilduren Gobernu Taldeari eskatzen diogu beraiek sortutako zirkulazio kaosa konpontzeko ikerketa serio bat egiteko. Aldaketa hauekin, orain arte bezala, Hernanira sartu Txantxillatik egingo da, eta atera Zinkoeneatik, baita Sorgintxulotik sartuta ere».