Leinn izeneko gradua ikasten ari dira, Mondragon Unibertsitatean, Jon Zamora hernaniarra, Luar Gullian donostiarra eta Eñaut Marti oriotarra. Klase teoriko gutxi izaten dituzte; ikasturte bakoitzean, helburua izaten da proiektu bat sortu eta hori garatzea.
Hain zuzen, proiektu horietako bat Hernanin jarri nahi dute martxan: Democreativity. «Udaletxe eta herrien arteko deskonexioa haundia izaten da. Guk tresna bat eskaini nahi dugu, herrira iristeko».
«Beharrak identifikatu eta soluzioak bilatzeko egunaz gain, herriaren eguna izatea ere nahi dugu».
3 fase
Partehartze prozesu bat planteatzen dute hiru gazte hauek. «Erabakitzeko orduan, herria aparte gelditzen da. Herritarren eta udaletxearen arteko barrera puskatzea da erronka, eta elkarrekin lan egitea. Zure erantzukizuna da parte hartzea».
Hori lortzeko, hiru fasetan antolatu dute proiektua. Asteburu honetan bertan hasiko dira informazioa emateko postuak jartzen, eta lehenengo zeregina izango da, beharrak identifikatzea. «Udalak ikusten dituenak, eragileek sumatutakoak eta herritarrenak. Eragileekin bilerak egingo ditugu, eta herritarrentzat buzoiak jarriko ditugu, eta helbide bat: hernanierabaki@gmail.com».
Bigarren fasean, urriaren erdialdetik azarora bitartean, identifikatutako beharrak ezagutzera emango dituzte.
Azkenik, azaroaren 15ean «herriaren eguna», ekitaldi nagusia antolatuko dute. «Betebeharrak identifikatu eta soluzioak bilatzeko egunaz gain, herriaren eguna izatea ere nahi dugu. Egun horretan, talde dinamiken bidez behar nagusiak identifikatu eta soluzioak bilatuko dira, denen artean. Epaimahai bat osatuko dugu herritarrekin, gero eta talde anitzagoa hobe, eta erabakiak hartuko dira. Horiek udaletxeko Plenoan aurkeztuko dira. Eta gainontzekoekin zerrenda osatu eta informazioa udaletxeari emango diogu, etorkizunerako».
Finlandian eta Orion
Gazte hauen esanetan, proba hau egin da lehenago Finlandian, 1 milioi biztanlerekin. Bestalde, hiru gazte hauek Orion ere ari dira lanean, gazteen aisialdiaren inguruko prozesu batean.