Etxekoek ez zuten joko onik egin atzokoan. Ezta bisitariek ere. Baina fisikoak izugarrizko garrantzia izan zuen, eta argi geratu zen Santboiana gehiago zela.
Fisikoa eta arerioaren akatsak, Santboianaren alde
Partidua parean hasi zuten bi taldeek, zelaiaren erdialdean jokatuz. Hala ere, 10garren minutuan etorri zen kataluniarren lehenengo entsegua, Chichuaren eskutik, eta Apikotoak transformatu zuen. Bigarren entsegua ere egin zuten atsedenaldiaren aurretik.
Hernani, berriz, saiatu, saiatzen zen, baina asko kostatzen zitzaion metroak irabaztea. Entsegua egitetik gertu egon ziren, baina Chipmanek, legez kanpo, geldiarazi egin zuen. Tentsioa sortu zen orduan Hernaniko zaleen artean, kataluniarrak tarjeta horia bakarrik jaso zuelako. Atsedenaldia iritsi zen horrela, 0-12koarekin.
Bigarren zatian, behera
Lehenengo zatian kataluniarrek bi entsegu egin bazituzten, bigarren zatian indartuta itzuli ziren zelaira, eta beste lau lortu zituzten; eta horietako 3 transformatu.
Hernani, berriz, behera etorri zen. Baina, partidua galdua zutela jakinda ere, entsegu bat egiten saiatu ziren tentsioz eta zigor kolpez betetako azken 15 minutuetan. Orduan erakutsitako kemena, ordea, ez zen nahikoa izan.