Oraindik ez dakite obrak noiz hasiko diren, baina ostiraleko Gobernu Batzordean onartu zuten mugikortasun planaren proiektua eta kontratazio prozesua hastea.
«Oinezkoen, bizikleten eta garraio publikoaren aldaketa egingo da», azaldu du Luis Intxauspe, Hernaniko alkateak. «Zerbitzu publikoa zabaldu, bidegorri sarea haunditu eta trafikoa berrantolatuko dugu; zirkulu haundi bat osatuko dugu, kotxeak zentrotik aldentzeko».
Norabide aldaketak Latsunben eta Antziolara bidean
Kale batzuetako trafikoaren norabidea aldatu egingo da. Batetik, Latsunbe auzoa, Ave Maria parkearen aurretik pasatzen dena, norabidez aldatuko da. Hemendik aurrera, Antziolatik etorri eta eskubira egin ahal izango da, Ave Maria parkearen aurretik ertzainen errotondaraino. Era berean, kale horren paraleloan dagoena ere, Latsunbeberri auzoa, norabidez aldatuko da.
Bestalde, Txillida pasealekua, igerileku irekien aurretik pasatzen dena, bi norabidetakoa izango da, ertzainen errotondatik Antziolakora bidean eta bueltan.
«Herri eta hirietan kotxeentzako zirkuitu zirkularrak egin behar dira, herri barrura sartu behar ez dezaten, eta ateratzeko aukera izateko».
G1 eta G2 autobusek ertzainetako errotondatik Antziolara egingo dute, eta geltoki bat izango dute bertan.
Autobusa, Antziolara
Donostiatik datozen G1 eta G2 autobus zerbitzuetan ere aldaketa batzuk egingo dira. Sorgintxulotik sartu eta ertzainetako errotondara iristean, Antziolara joko dute. Hango errotondan geltoki bat jarriko da. Handik, Antziola auzotik barrena, Gunea zerbezeriaren parera egingo dute, eta han beste geltoki bat jarriko da. Handik Atsegindegira joko dute.
«Zerbitzu publikoa zabaltzen da horrela, Antziola eta Etxeberriko zonaldeetan bizi diren biztanleentzako».
Bidegorri sare haundiagoa
Azken berrikuntza bidegorriarena da. Latsunbe auzoan zati berri bat egingo dute, ertzainen errotondaraino. Horrela, Zinkoeneatik ertzainetarako errotondaraino bizikletan joan ahal izango da.
Aparkalekuei kalte gutxi
Luis Intxauspe alkateak azaldu du «aldaketa hauekin aparkaleku gutxi kentzen direla». Era berean, azaldu du: «ikerketak egin dira auzoz auzo dagoen aparkaleku eta kotxe kopurua kalkulatuz. Toki batzuetan arazoa dago, baina Latsunbe auzoan ez. Garajeak eta kaleko tokiak kontatuta, ez dago auzoko kotxeak aparkatzeko arazorik».
Bestalde, Intxausperen esanetan, «beti koxea hartzen dugu abiapuntutzat, eta helburua ez da hori, nahiz eta gure ustez, hori ere hobetu egiten den aldaketa hauekin. Gure helburua da herri barruan oinez eta bizikletaz mugitzea sustatzea, eta herritik kanpora ateratzeko garraio publikoa lehenestea».