Irailaren 22an, Euskal Herriko 28 gazteren aurkako epaiketa hasiko da, Segiko kide izatea leporatuta. Tartean da Julen Zuaznabar astigartarra. Horrez gain, 24ean, Breogan Fernandez epaituko dute. Horren aurrean, Ostiral Laranja antolatu zuen atzo Astiarra Libre ekimenak, epaiketa politiko hauek salatuz eta herriko bi gazteei babesa emanez. Astigarraga naranjaz margotu zuten. Joseba Barandiaran plazatik abiatuta, herri harresi kalejira egin zuten eta ondoren, ekitaldia, besteak beste.
Zuaznabarrek hitza hartu zuen eta eskerrak eman zizkien denei 4 urte hauetan jasotako babesagatik. Epaiketak ez duela ez zentzu juridikorik, ez politikorik azpimarratu zuen eta 28 gazteek ez dizkiotela desobedientziari ateak itxiko. «Garena izateagatik epaituko gaituzte, baina garena izaten jarraituko dugu. Gora euskal gazteria!», azaldu zuen. Gogora ekarri zituen falta direnak, Ekaitz Ezkerra, besteak beste, Breogan Fernandezen epaiketa eta Zipotzaren aurkako epaia. Indarrak biltzeko eta bat egiteko garaia dela gaineratu zuen.
Asanbladak
Hurrengo deialdien berri ere eman zuten. Irailaren 22an eta 24an asanbladak eta kontzentrazioak egingo dituzte, 20:00ak aldera, Joseba Barandiaran plazan.