Ostegunean aurkeztu zuten, Lasarte-Oriako Villa Mirentxun, Elkarbizi ekimena Ganbo Iturri elkarteko kideek. Hernaniko Joxean Rekondo, Astigarragako Ricardo Arrizabalaga, Andoaingo Mikel Arregi, Lasarteko Jesus Artetxe, Urnietako Joxe Mari Aldanondo eta Usurbilgo Luis Mari Ormaetxeak osatzen dute taldea.
«Parlamentuan zoru etikoa izendatu dute. Horrek eskatzen du herritar guztiek minimo etiko bat konpartitzea, eta eguneroko bizitzan eta esparru giztietan gauzatzeko aukera eman behar du. Herritar bakoitzak parte sentitu behar du elkarbizitza eratzen», azaldu dio Joxean Rekondok Kronikari. «Gizakiaren duintsauna errespetatuz, elkarren arteko erlazioak antolatzea da elkarbizitza».
Normalkuntza politikoaz
Ganbo Iturrik Pyrenaeus programa garatu du azken bi urteetan, balioen sustapenerako.
Bide horretan jarraitu nahi du orain, Elkarbizi ekimenarekin. «ETAk indarkeriaren amaiera iragarri bazuen ere, oraindik bakea lortzeko landu behar dugun adiskidetzearen bidean badago zereginik», azaldu dute. Hain zuzen, uste dute bai Foru Aldundia, bai Eusko Jaurlaritza eta baita gizarte zibileko erakundeak ere ari direla bide horretan lanean. «Ikuspegi nabarmenena presoena eta biktimena da, eta horiek badituzte beren ahotsa azaltzeko erakundeak. Guk beldurra eta izua bizi izan duten herritar anonimoen ahotsa izan nahi dugu. Normalkuntza politikoaz ari gara, baina lan esparrua soziala da».
«Gizakiaren duintasuna errespetatuz, elkarren arteko erlazioak antolatzea da elkarbizitza».
Iritzia sortzeko jardunaldi irekiak
Datak zehaztu ez badituzte ere, asmoa dute hainbat jardunaldi antolatzeko, irekiak, iritzia sortu eta partekatzeko.
«Iritzi-sortzaileak izan nahi genuke. Hausnarketa eta gogoeta egin. Eta gogoeta-esparru guztietan parte hartu, oinarrian iritzi desberdinak izango dituen gizarte anitza errespetatuko duen elkarbizitzaren ikuspegia eratzeko».