Izarrei begira izeneko saioa antolatu dute gaur Aranon (Suron). Aranzadiko astronomoek emanen dituzte azalpenak eta beraiek eramanen dituzte tresnak. Beraz, ez da ezer berezirik eraman behar.
Halaxe azaldu dio Kronikari Eduardo Ganuza astronomoak: «2-3 teleskopio eramanen ditugu guk jendearentzat eta baita hainbat prismatiko ere. Ez da beharrezkoa ezer eramatea, baina nahi duenak eraman dezake». Hori bai, arropa eramateko gomendatu dute: «Egun hauetan bero egin arren, gero gauean hotz egiten du, lekua ere hezea da... hobe da soberan izan, faltan baino: eskularruak, jertse lodiak...», dio Ganuzak. Jateko edo edateko zerbait eramatea ere proposatu dute.
«Ilargia oso polita ikusten da teleskopioarekin»
Gaueko 21:00etan hasiko dira azalpenekin eta 23:30ak arte izanen da saioa. Hasteko, begi bistaz ikusi daitezkeen elementuak identifikatuko dituzte: konstelazioak, zeintzuk diren izarrak eta zeintzuk planetak... «Izan ere, planetak ere ikusten ditugu, baina jendeak izarrak direla uste du. Momentu honetan, Martitz ikusi dezakegu. Baita Saturno ere... Planeta bakoitzak bere erritmoa dauka eta hori azalduko dugu. Adibidez, Martitzek zenbat ilargi dauzkan, zenbat irauten duen urteak, egunak...».
Ondoren, teleskopioen txanda izanen da eta ilargia aztertuko dute, besteak beste: «Ilargia ilbehera dago momentu honetan. Teleskopioarekin ilargia ikustea oso polita da; oso ongi ikusten da. Aztertuko ditugu mendiak, eguzkiak bertan egiten dituen itzalak... Eta ilargiaz gain, galaxiak, kumuluak... ere ikusiko ditugu. Momentu honetan, Andromeda galaxia ikusteko oso ongi dago. Bistaz ere ikusi liteke, baina teleskopioarekin askoz hobeto». Galderak erantzuten ere saiatuko dira: «dena ez baitakigu», dio Aranzadiko astronomoak.
Eguraldiaren menpe
Horrelako behaketak egiteko, zeruak garbi egon behar duela nabarmendu du Ganuzak eta askotan zaila izaten dela momentu egokia aurreikusten. Gaur, lainoren batzuk izan litezkeela uste dute, baina saioa egiteko moduan izanen dela.
Hilabetero, Astigarragan
Gaurko saio hau, Aranoko Udalarekin elkarlanean antolatu du Aranzadik. Arano nahiko leku aproposa dela dio Ganuzak: «Nahiko leku iluna da eta aldi berean, Donostiatik gertu dago. Guretzako egokia da hori». Suroko farolak itzaliko dituzte behaketarako.
Aranon lehenengo aldia izanen bada ere, Aranzadik antolatu ohi ditu horrelako behaketak. Hilabeteko azken ostiraletan, azalpenak ematen dituzte Aranzadin eta hurrengo egunean, Santiomendira joaten dira (Astigarraga). «Hala ere, azken urtean ez dugu zorterik izan eguraldiarekin», azaldu du Ganuzak. Saio horiek ere irekiak dira.
Umeentzat, ikusgarria
Askotan, jendea harrituta geratu ohi dela dio Ganuzak: «Jupiterri lau ilargi ikustea, Saturnoren eraztunak, galaxiak... Hala ere, umeak dira gehien harritzen direnak. Asko gustatzen zaie».