Lau urte dira Hernaniko Udalak hondakinak atez ate biltzen dituela. Berrikuntza asko izan dira ordutik: pixoihal berrerabilgarriak, olioa biltzeko makinak, bigarren eskuko azokak, auzokonposta... Eta hemendik aurrera beste bi nobedade ere izango dira: errefusa ateratzeko kuboa eta organikoari poltsa edo zorro konpostagarria jartzeko aukera.
Errefusarentzako kuboak banatuko ditu Udalak
Urritik aurrera errefusa kuboan atera beharko da. Izan ere, Udalak kubo grisak banatuko ditu irailaren 27-28ko asteburuan. Bat banatuko du etxebizitzako, eta bakoitzak bere zintzilikarioan jasoko du, dagokion pegatina edo kodigoarekin.
Kuboek 7 litroko kabida izango dute, eta barruan poltsa jartzeko aukera izango da. Erosotasunaz gain, kuboa banatzearen helburuetako bat da hondakinak murriztea: «7 litroko kuboa nahikoa da etxean astebetean sortzen den errefusa ateratzeko. Eta hautsitako plater, edalontzi edo bestelakoren bat ateratzea suertatzen bada ere, kuboan sartzeko arazorik ez dago».
Kuboak grisak izango dira, eta 7 litroko edukiera izango dute. Kuboari poltsa jartzea izango da.
«Lan baldintza hobeak»
Berrikuntzaren beste onuretako bat da, biltzaileei lana erraztea: «zintzilikariotik kuboak bildu eta hustutzea errazagoa eta erosoagoa da. Beraz, langileen lan baldintzak ere hobetzen dira. Azken finean, larunbateko bilketa asko txukunduko duela uste dugu».
Organikoaren kuboan, poltsa konpostagarria
Herritar askoren beste eskari bati ere erantzuna eman nahi dio Udalak bigarren berrikuntzarekin: organikoaren kuboan poltsa edo zorro konpostagarriak erabiltzeko aukera. Orain arte, organikoa granelean atera beharra zegoen. Hemendik aurrera kuboaren barruan poltsa edo zorroa jartzeko aukera izango da. Baldintza bakarra da, poltsa konpostagarria izatea, hau da, ‘0K Conpost’ zigilua izatea. Poltsa hauek herriko edozein komertzio edo supermerkatuetan aurki daitezke, eta material ezberdinetakoak daude.
Organikoaren kuboan poltsa konpostagarria erabili daiteke. Edozein komertziotan eskuragarri egongo dira. Baldintza da ‘OK Conpost’ zigilua izatea.
Era berean, gogoratu dute konposta egiten dutenek orain arte bezala ateratzen jarraitu behar dutela. Eta horri helduta, Udalak azaldu nahi du beraiek ere beti bezala ateratzen jarraitzearen aldekoak direla, «konpost garbiagoa ateratzen baita». Bestalde, pixoihalak egunero bilduko dira, orain arte bezala.
%90era iristea, helburu
Egun hondakinen %80tik gora birziklatzen da Hernanin. Udalaren helburuetako bat da etorkizunean %90era iristea. yy