Euskadiko kayak polo txapelketa jokatuko da gaur kiroldegiko igerilekuan. Hirugarren urtez antolatu du txapelketa Euskadiko Kanoe Federazioak Astigarragako Udalaren laguntzarekin.
Txapelketan 10 talde inguruk hartuko dute parte eta bertan goi-mailako kirolariak izango dira, bai slalomean zein ur lasaietan munduko txapelketetan aritzen direnak. Besteak beste, Ekaitz Saies, Miren Lazkano, Unai Nabaskues... bertan egotea espero da. Euskadiko Txapelketa izan arren, Nafarrak ere gonbidatzen ditu Federazioak. Iaz, Atletico SS izan zen nagusi, bai mutiletan, bai nesketan, eta gaur ere bertan izango dira.
Goizeko 09:00etan hasiko da txapelketa, sailkatze ligaxkarekin, eta 13:30ak aldera finalak jokatuko dira. 14:00ak aldera bukatzea aurreikusten dute.
Astigarragako igerilekua, egokia
Kayak poloan jokatzeko, Astigarragako igerilekua egokia dela azaldu dio Kronikari Olatz Alkorta federazioko zuzendari teknikoak: «Txapelketa honek behar bereziak ditu. Urak sakonera minimo bat behar du izan eta sabaia baldin badago, altuera minimo bat behar du. Horrez gain, baldintzak berdin mantendu behar dira txapelketak iraun bitartean. Hemen inguruan, itsasertzean, mareak eragin haundia du, beraz, igerilekuan egiten ahalegintzen gara. Alde horretatik, Astigarragako igerilekuak oso baldintza onak ditu kayak poloa praktikatzeko, igerilekuaren dimentsioak egokiak dira eta sabaiaren altuera ere oso ona da. Eta eguraldi txarra egiten badu, kirolariak babestuta daude».
Ahalik eta gol gehien sartzea
Kayak poloa, bi talderen arteko norgehiagoka da. Futbolean bezala, beste taldearen atean ahalik eta gol gehien sartzea da kontua. Waterpoloan egiten den modura, baina piragua gainean. Eta kasu honetan, ateak, buru gainean izaten dituzte kirolariek eta ez uraren mailan. Bost jokalari aritzen dira talde bakoitzean.
Ikusgarria
Alkortak azpimarratu du, kayak poloa oso ikusgarria dela eta federazioaren helburua dela piraguismoa bultzatzea: «Eta honetarako, Astigarragako Udalak bere esku dauden baliabideak errazten dizkigu».
Piraguismo taldea sortzeak, ilusioa
Astigarragakoa da Alkorta, 2010 urtera arte piraguismoan ibilia iraupen luzeko lasterketak egiten ur bareetan. Munduko txapelketetan lehiatu izan da, besteak beste. Eta Astigarragan, piraguismoko talde bat sortzeak ilusio berezia egingo liokeela aitortu du: «Bai kayak polora jokatzeko edo beste edozein modalitatetan aritzeko, Urumea ibaia hortxe baitugu».