PATXI ARTOLA, Kirol instalazioen mantenuko arduraduna: «Pixkanaka bizikleta garraio gisa ikusten ari gara»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ira. 13a, 02:00

Udaleko mantenimenduko langile batzuk bizikleta erabiltzen dute lan-garraio bezala. Horietako bat da Patxi Artola, kirol instalazioen mantenuko arduraduna. Bizikleta da bere garraioa, bai lanerako eta baita eguneroko bizitzarako ere; Patxik nahiago du kotxea etxean utzi: «lanera oinez etortzen naiz hemen ondoan bizi naizelako. Hala ere, herrian zehar ez dut kotxea ezertarako mugitzen. Ez dut
ezer aurreratzen: kotxea garajetik atera,
nahi duzun lekura joan, aparkatu... oinez
azkarrago iristen naiz!”.

Zergatik erabiltzen duzu bizikleta laneko garraio gisa?
Ni kirol instalazioetako mantenu arduraduna naiz eta tarteka Zubipera, Landarera, Jauregira… joan behar izaten dut. Duela lau urte eta erdi hasi nintzen honetan lanean, eta bertan kotxerik ez zutenez, bizikleta erabiltzen hasi nin­tzen. Hasiera batean nire bizikleta ekartzen nuen eta gero, Udaltzaingoek duten Bide Heziketako bizikleta bat eskatu nuen. Hasieratik parrila bat jarri nion, traste eta herraminta batzuk eraman ahal izateko.

Edozein egoera edo eguraldirekin erabiltzen duzu?
Saiatzen naiz beti erabiltzen. Hala ere, euri asko egiten badu edo bolumen handiko gauzak garraiatu behar baditut, kotxea brigadari edota Udal­tzainei eskatu behar izaten diet, kiroldegian ez dagoelako.

Azken urteotan, Hernaniko bidegorri sarea zabaldu egin da. Erabiltzen al duzu zure egunerokoan?
Dagoen tokietan erabiltzen dut, baina ez dago nahi adina. Adibidez, kiroldegira iristeko ez daukagu bidegorririk. Or­duan, tarteka, espaloia, errepidea… ahal dudan lekutik joaten naiz.

«Bidegorria dagoen tokietan erabiltzen dut, baina ez dago nahi adina».

Maiatzetik aurrera, hamasei urtetik beherakoek kaskoa derrigorrez erabili behar dute, beharrezko
neurria al zen?  
 
Nire ustez, hiri barruan eta gu ibiltzen garen abiaduran kaskoa ez da beharrezkoa. Nik beti gainean eramaten dut, baina batzuetan bakarrik erabiltzen dut. Goizean goiz pistak irekitzeko, adibidez. Ilunpetan joaten naizenez, bizikletaren au­rreko argia eta kaskoak atzean daukana erabiltzen ditut.

Batzuen ustez bizikleta erabiltzeak arrisku gehiago ditu onurak baino.
Beti ibili izan naiz bizikletan eta oinez, eta ez diot inolako arriskurik ikusten. Edozer gauzak dauka arriskua! Gainera, bide batez, kirola egiten duzu eta kalean azkar mugitzen zara. Aurreko egunean, Ziku­ñagako obra txiki batera joateko, igeltseroak ko­txea hartu zuen eta ni bizikletaz joan nintzen, eta biak batera iritsi ginen.
Aparkatzeko arazorik, behintzat, ez duzu edukiko, ezta? Eta lapurketarik?
Aparkatzeko ez dago arazorik, baina agian gune batzuetan aparkabizikleta gehiago egon beharko lukete. Ekaina hasieran lapurtu zidaten bizikleta lehen aldiz, kanpo igerilekuetako eremuaren barruan utzi nuen kandatu gabe eta baten batek eraman egin zuen. Ordura arte, gutxitan kandatzen nuen; ordutik, beti.

«Bizikletari ez diot inolako arriskurik ikusten».

Zer aldatu beharko litzake gizartean bizikleta garraio gisa ikusteko?
Pixkanaka ari da, baina arriskuak kentzeko bidegorri gehiago beharko litzateke. Ohiturak dira. Nire emaztea Zarauzkoa da eta han ohikoa da. Bere amak enkarguak beti bizikletaz egiten zituen 80 urterekin, aldaka hautsi zuen arte. Hemen, agian, aldapa gehiago dago han baino.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!