Herri barruan kotxea erabili gabe mugitzeko aukerak badaudela erakutsi nahi du Udalak gaur asten den Mugikortasunaren Astearekin. Horretarako, gaur eta hilaren 27 bitartean, lau ekintza antolatu ditu herriko zenbait elkarte eta taldeekin elkarlanean: bigarren eskuko bizikleta azoka, kirol egokituko ginkana, bizikleta festa eta patinetan ibilbidea.
Salmenta berezia
Bigarren eskuko bizikleta azokak irekiko du aurten Mugikortasunaren Asteko egitaraua. Mertxe Gomezek, Agenda 21eko Udal Teknikariak, azaldu duenez, «garraioarekin zerikusia duen edozer gauza saltzeko azoka izango da: bizikletak, patinak, garraio bereziak, kaskoak...». Gauza bakarra egin beharko da: gaur goizean, 9:00-10:30ak bitartean Urbieta Kalera azaldu (euria egingo balu, Atsegindegira), saldu nahi denari prezioa jarri –gehienez 300 euro- eta ea zortea duzuen!
Azoka anabasa bihur ez dadin, Hernaniko Udalak Berrerabilpen Zentroaren esku utzi du salmenten kudeaketa. Goiz guztian zehar egongo da materiala erosteko aukera, eguerdiko 13.30ak arte. Orduan, saltzen ez diren gauzak jabearen eskuetara bueltatuko dira.
«Garraiatzeko beste forma batzuk erakutsi nahi dira”, dio Mertxe Gomez udal teknikariak».
Berdintasunaren bidean
Mugikortasun Asteko ekintza berezienetakoa da hilaren 19rako, hurrengo ostiralerako, prestatu den kirol egokituaren ginkana. Nire lekuan jarri lemapean, Atsegindegin izango da, arratsaldeko 17:00etatik 19.30etara. Bertaratzen direnek hamar ekintza desberdin probatzeko aukera izango dute: itsuentzako futbola, saskibaloia, dardoak... Berrikuntza gisa, aurten ‘ezgaitasuna eta berdintasuna’ deritzon gaia jorratu nahi izan dute. Bi ekintza antolatu dituzte: : berdintasunarekin lotutako herri kirol saio berezia eta ikusmen urria dutenen ikuspuntutik kirol poltsa egitea. Jolasen bukaeran, diplomak eta txokolate beroa banatuko dituzte parte hartzaile guztien artean.
Egitarau ofizialetan Koxka Elkartea antolatzaile gisa agertzen da, baina ezgaitasuna duten pertsonen Elkarteko ordezkariek argitu nahi izan dute: «gu kolaboratzaileak besterik ez gara, ginkana talde askoren lana da». Lau dira lan honetan aritu direnak: Kemenek, Pertsona Ezinduen Kirol Klubak, ideia orijinala eta materiala jartzen du; Hernadexek, Hernaniko bolondres taldeak, hogeitahamar bat bolondres jarriko ditu lanean; AGIk, Gipuzkoako Ikusmen Urria dutenen elkarteak, beren esparruko jakintza eta; azkenik, Koxka da Udalarekin bitartekari lanak egiten dituena, anfitrioia. Bakoitzak bere alorrean lana egiten badute ere, “jai-egun” honetan helburu komun batek batu ditu: jendearen sentsibilizazioa.
«'Nire lekuan jarri' lemapean ezinduen elkarteek ginkana berezia egingo dute datorren ostiralean».
Betiko ‘bizikleta festa’
Herrian ohikoa den bizikleta festa ere antolatu dute hilaren 21erako, Hernanin Bizikletaz izenarekin. 09:30etan izango da irteera Plaza Berritik; eta espero da, 12:00etarako denek bueltan izatea. Bertara azaltzen denak aukera ederra izango du herriko bidegorri sare berria erabiliz, Hernaniri buelta bat emateko. Ezbeharrik egon ez dadin, Zikuñagako Ama bizikleta elkarteko kideak ibilbideko zenbait puntutan egongo dira, laguntza emateko prest.
Ekitaldi gehiago ere izango dira egun berean. Batzuk bi gurpilen gainean herria zeharkatzen duten bitartean, besteek Bide Heziketako zirkuituan bueltaxka bat emateko aukera izango dute. Atsegindegin izango da hori, goizeko 09:30etatik eta 12:00etara.
Karbelgo Eguna, patinetan
Hilaren 27a, larunbata, Karabelgo Auzo Eguna dela aprobetxatuz, Mugikortasun Astea itxiko duen ekintza antolatu du Udalak: patinetan ibilbidea eta ginkana. Mertxe Gomezen hitzetan, «ekitaldi honekin erakutsi nahi dira garraiatzeko beste forma batzuk badaudela». Karabeleko Elkartearen laguntzarekin antolatu da ibilbidea: 09:30etan hasi eta Karabel, Zubipe eta Ibaiondo poligonoak zeharkatukodira. Ibilbidearen bukaeran, nahi duenak txokolate goxo bat hartzeko aukera izango du, auzo elkartearen eskutik.
Aurrerago, goizeko ibilbidea
Iraileko kultur agendaren barruan bada beste ekitaldi bat, Mugikortasun Astearen bueltan antolatua: goizean egiten den ibilbidea . Aurtengoa atzeratu egin dela jakinarazi du Agenda 21eko udal teknikariak: «aurtengo ibilaldiaren helburua izango da Ave Marian, Zikuñagan eta Goiz Eguzkin jarriko diren kirol makinen erabilera sustatzea. Hori dela eta, makina hauen instalazioa bukatzen denean zehaztuko da goizeko paseoaren data».
Irailak 13
10:00-12:00 2.eskuko azoka berezia (bizikleta azoka)
Irailak 19
17:00-19:30 Kirol egokituaren ginkana
Irailak 21
09:30-12:00 Bizikleta festa eta bide heziketa
Irailak 27
09:30-12:00 Patinetan ibilbidea
Data zehaztu gabe
Goizeko ibilbidea