Saskibaloi klubeko seniorrak eta klubeko gainerako taldeak hasi dira entrenatzen. Aldaketa batzuk izan dituzte, baina aurten ere, irabazteko grinarik ez zaie falta.
Aldaketak, seniorren taldean
Gutxi gorabehera lehengo urteko estruktura mantenduko du seniorren taldeak, baina badira aldaketa batzuk.
Batetik, Peru eta Julenek taldea utziko dute. Baina bestetik, juniorren taldetik Peru igoko da seniorretara, eta Haritz Arrieta taldera itzuliko da. Bestalde, taldeak azaldu du «Aitzol Arrietaren itzuleraren zurrumurruak poza eta ilusioa sortu dutela aldagelan».
Hala ere, aldaketa nabarmenena entrenatzailearena da. Denboraldi honetan, Jon Esnaolak zuzenduko du taldea. Senoir taldean jokatutakoa da bera, eta entrenatzailea izan da beste kategorietan. «Irabazteko grina ez zaigu faltako», ziurtatu dute.
Saskibaloi Eskola, neska-mutil gaztetxoentzat
Bestalde, klubak jakinarazi du aurten ere badutela asmoa Saskibaloi Eskola martxan jartzeko.
Hilaren bukaera aldera irekiko dute izenematea lehen hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6garren mailetako neska-mutilentzat. Animatzeko deia luzatu dute.