Mugikortasun Astea ospatuko da Hernanin hilaren 13tik 27ra bitartean, Europako Mu-gikortasun Astearekin batera. «Aste honetan zehar sustatu eta bultzatu nahi da mugitzeko beste modu bat», azaldu zuten atzo Luis Intxauspe alkateak eta Mertxe Gomez, Tokiko Agenda 21eko teknikariak.
«Mugikortasunaren ikuspegitik, lehentasuna eman nahi diegu oinezkoei eta bizikletan dijoaztenei; gero, garraio publikoari; eta azkenik, kotxeei. Mugikortasun plan jasangarria egin dugu, pertsonentzako humanoagoa den herria lortzeko».
Zentzu horretan, datozen egunetako ekintzez gain, urtean zehar planifikatu eta egiten ari diren obrak aipatu zituzten.
Autobusa Antziolara, eta kale batzuen norabide aldaketa
Obra horietako bat izan da Karabel eta Portu lotu dituen oinezkoen eta bizikletentzako pasabidea. «Diputazioak bere zatiak egiten dituenean, bidegorria lotuta egongo da Urnieta, Hernani eta Astigarraga artean».
Beste bat izan da, Lizeagatik gora dijoan bidegorria. «Polemikoa izan da, beti kaltetzen baita norbait; kasu honetan, kotxeak. Baina hori da gure filosofia».
Bestalde, martxan dituzte beste bi proiektu. «Hernani aldapatsua da, eta Zinkoeneatik behera bizi da populazioaren zatirik haundiena. Beraz, Urbieta kalea eta kiroldegiko sarrera lotuko dituen igogailua jarriko da, irisgarritasuna errazteko eta herritar horiek zerbitzu publikoetara gerturatzeko: anbulatorioa, kiroldegia, autobus geltokiak...».
Azkenik, ostiral honetako Gobernu Batzordean onartuko da kontratazio prozesua hastea urte bukaerarako egingo den obrarako: Mendi Mendiyaneko pistinen aurreko kalea, Txillida, bi norabidetakoa izango da; Ave Maria aurreko kalea, Latsunbe, kontrako norabidean joango da (kiroldegitik ertzainetako errotondara); eta autobus geltokiak jarriko dira ertzainetako errotondan, eta Gunea zerbezeriaren inguruan. «Herritik trafikoa ateratzeko garrantzitsua da kotxeentzako zirkuitu zirkularrak osatzea. Horrela, Elkanotik Latsunbera joan ahal izango da kiroldegi aurretik, eta ertzainetako errotondatik Cuesta de La Muertera, edo Antziola kaletik berriro herrira. 2011n egindako trafiko aldaketen ondorioz sortu diren gabezia batzuk konpontzea da asmoa».
Larunbatean bigarren eskuko azoka berezia egingo da: bizikletak, patinak, kaskoak, materiala... saldu eta erosi ahal izango da.
Lau hitzordu
Obra horien helburua da sustatzea mugitzeko beste modu batzuk, eta hori landuko da Mugikortasun Astearen barruan antolatu diren lau zitetan.
Larunbatean Bigarren Eskuko Bizikleta Azoka egingo da 10:00etatik 14:00etara Urbieta kalean (eguraldi txarrarekin Atsegindegin). Bizikleta, patinak, patineteak, kaskoak... saldu nahi dituenak egunean bertan entregatu beharko du materiala, 09:00etatik 10:30etara, eta prezioa jartzeko aukera izango du (gehienez, 300 euro). Informazio gehiago Nafar kaleko Berrer@2 zentroan emango da (berrera2@gmail.com / 661 331 113 / 682 741 366).
Hilaren 19an, berriz, 17:00etatik 19:30etara kirol egokitua egiteko aukera izango da Atsegindegin, Koxka elkartearen laguntzarekin.
Hilaren 21ean, Hernanin Bizikletaz ibiltzeko zirkuitu irekia egingo da, bidegorriak ezagutzeko, Zikuñagako Ama eta guraso elkarteen laguntzarekin. Era berean, Atsegindegin bide hezikea zirkuitua jarriko da.
Azkenik, hilaren 27an patinetan ibilbidea eta ginkana egingo dira, Karabeleko elkartearen laguntzarekin, 10:30etatik 12:00etara. Zirkuitu hau itxia izango da; hasi eta bukatu egin beharko da.
Bestalde, aurrerago oinezkoentzako 4 ibilbide osasuntsu aurkeztuko ditu Udalak, parkeetako kirol makinak jartzean.