Kontxako Banderako aurreneko estropada jokatu zenuten igandean. 1:27ra sartu zineten. Ze sentsaziorekin geratu zineten?
Joatean ondo aritu ginen, nahiko ondo gindoazen, baina bueltan ez genuen asmatu. Kalea ere ez zen ona eta espero baino denbora gehiago behar izan genuen. 20 minututik jaitsi nahi genuen, baina ez genuen asmatu.
Datorren igandeko estropada falta da, baina nahiko erabakia geratu dela esan liteke. Urdaibaik 10 segundo atera zizkion Kaikuri...
Bai. Ez bada itsasoan sekulako aldaketa izaten, ez zait iruditzen Urdaibairi bandera kenduko dionik inork. Bigarren eta hirugarren postuan izango da lehia eta nesken artean ere oso lehia estua egongo da. Neskena oso polita izango da ikusteko. Eta guri dagokigunean, ahalik eta estropada onena egiten saiatuko gara.
Beti egon da polemika Kontxako Banderan Donostiarrak atera beharko lukeen edo ez… Zuk nola ikusten duzu?
Donostiako udaletxeak antolatutako estropada bat da eta berak erabakitakoa da Donostiako traineruak egon behar duela. Estropada pribatua da eta berak nahi duena gonbidatzen du. Guk badakigu Kantabrikoko traineru onenekin ari garela lehian eta ohore eta erantzukizun haundia da guretzat parte hartzea. Gogor eta serio entrenatzen dugu estropada honi begira eta saiatzen gara ahal dugun lan txukunena egiten.
«Ez nintzateke beste talde batera joango ACT ligan aritzeagatik»
Normalean alde haundia ateratzen dizuete gainerako traineruek. Hala ere, merezi al du parte hartzeak?
Merezi du, bai. Aurtengoan adibidez, alde haundia atera digute, baina oso oso azkar ibili dira lehenengo hirurak. Kontuan izan, Urdaibai errekorretik 3 segundora geratu dela (19:02.98). Baina, 2011n ohorezko tandan sartzea ere lortu genuen!
Egia esan, Kontxako estropada oso berezia da eta guri asko ematen digu. Bertan parte hartzen dugunez, prentsak gurekin kontatzen du, gure lana plazaratu egiten da eta horri eskerrak ere, arrauna bizirik dago Donostian. Eskaparate bezala oso garrantzitsua da guretzat Kontxan parte hartzea. Giroa ere sekulakoa da. Eta gero eta kamixeta gehiago ikusten dira Donostiarrakoak.
ARC-1 ligari begira, bosgarren postuan bukatu duzue. Ze balorazio egiten duzue? Denboraldi hasierako helburuak bete al dira?
Lehenengo bi estropadetan ez genuen asmatu eta oso garrantzitsua izaten da liga honetan ondo hastea. Izan ere, 12 estropada bakarrik jokatzen dira. Azken estropadetan oso ondo aritu gara. Bigarren geratu ginen Santoñan, 3 segundotara, eta hiru bat aldiz lortu dugu laugarren postua. Hasierako akatsek izan zuten eragina. Gure asmoa ohorezko tandan ibiltzea zen.
Nola ikusten duzu taldea?
Azken bi urteetan mantendu egin da blokea eta hori ez da inoiz lortu. Oso ona da hori taldearentzat. Etxeko jendea dago eta gainera blokea mantenduz doa. Bigarren taldea ere badugu, gazteek osatua, eta bertako jendearekin hornitzen dugu lehenengo taldea, bajak izanez gero. Proiektua kontsolidatu da, eta ez da erraza. Donostian kirol aukera haundia dago eta arrauna ez da erakargarria gazteentzat. Alde horretatik, pozik gaude lortu dugunarekin.
Beti, Donostian aritu zara arraunean. Izan al duzu aukera beste talderen batera joateko edo pentsatu izan al duzu beste batera joatea?
2005 urtean, Zarautzen aritu nintzen utzita. Esperientzia polita izan zen, baina nahiago dut etxean aritu.
Eta nahiko al zenuke TKE-ACTko talderen batean ibili?
ACT ligak fama haundia dauka, baina ARC liga ere oso polita da. Donostiarra igoko balitz, nahiko nuke ACTn ibili, baina ez nintzateke beste talde batera joango liga horretan aritzeagatik.
Ze nahiagoko zenuke: Kontxa irabazi edo TKE-ACT mailara igo Donostiarrarekin?
Biak ezin al dira? Donostiarrarekin banderak irabazi eta liga irabaztea ederra litzateke. Eta Kontxa lortzea ere bai, baina gaur egun oso zaila dugu hori lortzea.
«Dena ondo egin beharko dugu igandean»
Amets Zapiain astigartarra San Juaneko arraunlaria da. San Juanek estropada irabazi zuen igandean (10:36.80) eta honako balorazioa egin du Zapiainek: «Oso pozik gaude. Lan ona egin genuela uste dut. Aurretik jarri ginen hasieratik. Bueltakoan laugarren kalea ez genuen behar adina aprobetxatu, baina gustora gaude egindakoarekin. Ezin kejatu».
Lau traineruak oso pareko daude, batez ere, aurreneko hirurak, eta datorren igandean dena ondo egin beharko dutela nabarmendu du: «Zerotik hastea bezala izango da».
Bandera irabaztea zer litzatekeen galdetuta, honakoa erantzun du: «Denboraldi oso ona egin dugu eta errematatzeko modua izango litzateke. Ilusio haundia dugu denok, baina irabazten ez badugu ere, harro egoteko moduan gaude».
Amets Zapiaini elkarrizketa egin zion Kronikak abuztuaren 27an. Interneten irakurtzeko aukera: www.kronika.net.