Iaz baino bikote gehiago ibili da Zubimuxu aterpean

Kronika - Erredakzioa 2014ko irailaren 6a

Eguraldiaren eraginez, uztaila lasai joan dela azaldu du Irune Zabala aterpeko arduradunak, baina abuztuan mugimendu dexente izan da.

Orain dela bi urte, 2012ko apirilean paratu zuen martxan Zubimuxu aterpea Goizuetako Udalak. Irune Zabalak du aterpeko martxaren ardura eta Kronikari azaldu dio pixkanaka-pixkanaka indartuz, ongi funtzionatzen ari dela: «Bi urte besterik ez da zabaldu zela. Beharra bazegoen eta badago mugimendua, baina pixkanaka doa. Ezagutzera emateko ere bere denbora behar da, ba­tzuk oraindik ez dakite Goizue­tan aterpetxe bat dagoenik».
Uda, iazkoaren aldean desberdina izan dela azaldu du: «Uztaila lasai joan da, eguraldi onik ez du egin ia eta horrek eragina izaten du. Iaz baino pattalagoa izan da alde horretatik, baina abuztuan eta orain, bada mugimendua. Festetan, adibidez, iaz baino jende gehiago ibili da».
Horrez gain, aurten, taldeak baino bikote gehiago ibili dela azaldu du. «Bikoteak ez dira gazte-gazteak izaten, helduxeagoak dira normalean. Lagun taldeak umeekin aterpe osoa har­tzen dutenak ere badira». Turis­ten jatorriari dagokionean, batez ere Bizkaia eta Iruñealdekoak izaten direla dio. «Festetan, inguruko herrietakoak ere etor­tzen dira, baina bestela, Gipuz­koa aldetik ez da jende askorik ibiltzen, gertutasunagatik edo». Atzerritarrak ere gerturatu izan dira: motorista alemaniarrak, holandarrak, ingelesak…
Zabalak dioenez, gehienak, mendi bueltak egiteko eta inguruaz gozatzeko asmoz gerturatzen dira Goizuetara: men­di buelta eman, ibilbide megalitikoa egin, Artikutzara joan, inguruko herriak ezagutu…
Udazkenean egin ohi den ferira ere kanpoko jen­de asko gerturatzen da eta aterpean nabaritzen dute: «Iaz, ia be­te egin zen», azaldu du Zabalak.
Zubimuxun, gosariak ematen dituzte, baina gainerakoan, sukalderik ez dago. Horrek batzuei eragiten diela dio Zabalak: «Batez ere, egonaldi luzeetan». Aztertu beharrekoa dela pentsatzen du, jendeak aipatzen baitu balorazioetan.

Eskolako umeak
Turistez gain, eskolekin ere egiten du lan Zubimuxuk. Hainbat talde joan izan zaizkie: Leitzal­detik, Iparralde­tik, Oionetik… «Donos­tialdetik eta Iruñealdetik ere deitu izan dute, baina lekurik ez dago hainbeste haurren­tzat. 30 plaza ditu aterpeak. Eskola txi­kientzako da egokia. Alde ho­rre­tatik, motx geratzen da». Es­kolako talde horientzat ekintzak ere antolatzen dituzte Zubi­mu­xun: «Herriko labaderoa daukagu behean eta xaboia egin eta garbitzen erakusten diegu, he­rri­an joaregilea ere badugu Jexus Ma­ri Apezetxea, baserri mundua ere erakusten dugu, taloak egiten…».

Langile asko
Langile jendea ere biltzen da aterpean: «Obraren bat egitera etortzen diren langileak ere hartzen dute aterpea hemen. Eta Goizuetako eskolara urte osorako lanera etorri diren irakasleek ere bai. Denetik izaten da, popurri bat!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!