«Mexiko eta Frantziarekin zaila dago, baina saiatuko gara sustoa ematen»

Kronika - Erredakzioa 2014ko irailaren 6a

Munduko Txapelketan hartuko du parte Oier Gurutzealdek. Trinketean ariko da, binaka. Txapelketa Mexikon jokatuko da eta datorren ostegunean hasiko da. Gaur iritsiko dira bertara.

Oier Gurutzealde pelotari astigartarra munduko pelotari onenen artean lehiatuko da. Hain zuzen, Munduko Txapel­keta jokatuko du, Mexikon. Trin­­ketean ariko da, nagusi mai­­lan, bikoteka. Espainiako selekzioarekin jokatuko du eta Garatea errioxarrarekin eta Lu­kin nafarrarekin osatu du taldea.
Datorren ostegunean hasiko da txapelketa, irailaren 11n, eta 21ean bukatuko da. Trin­ke­teaz gain, beste pelota modalitatetan ere ariko dira beste hainbat. Eta buruz buru ere bai. Denera, 5 pelotari izan dira aukeratuak trinketerako.
Irabaztea zaila izango dela dio atzelari astigartarrak, Mexiko eta Frantzia bezalako taldeak bertan izanda, baina sustoa ematen saiatuko direla nabarmendu du: «Zaila dago, baina saiatuko gara. Asmo eta gogo horrekin goaz behin­tzat», dio.

2.800 metroko altitudean
Txapelketa datorren astean hasi arren, atzo bertan abiatu ziren Mexikora (gaur iritsiko dira). Izan ere, itsas mailatik 2.800 metro ingurutara dago txapelketa jokatuko den he­rria, Zinacantepec (To­luca), eta bertara egokitzeko erabiliko dituzte egun hauek: «Alti­tu­de horretara egokitzeko izan­go da. Entrenamenduak egin, korrika…», azaldu du Gurutzealdek. Eta ordutegira egokitzeko ere ondo etorriko zaiela gaineratu du: «Zazpi ordu gutxiago dira han eta hemendik Madrilera ordubete hegazkinean, eta Madriletik Mexikora, 12 bat ordu. Ordu­tegira moldatzen ere kostako da».

Finalerdietan
Txapelketan parte hartuko duten taldeak bi multzotan banatuta daude. Alde batetik, finalerdiak jokatuko dituzten taldeak daude eta bertan dago Espainiako selekzioa, Mexiko eta Frantziarekin batera. Bigarren multzotik, berriz, finalerdia jokatuko duen taldea erabakiko da. Bertan neurtuko dira: Venezuela, Kuba, Txile eta Argentina.

«Ume eta gazteak animatu daitezela pelotan aritzera. Kirol polita da eta emaitzak jasotzen dira»


Finalerdietan, ligaxka jokatuko dute bi partidutara, eta sailkapenaren arabera jokatuko dituzte 3 eta 4garren postuak, eta 1go eta 2garren postuak (finala).

Mexiko eta Frantzia, faborito
Gurutzealderen esanetan, Me­xiko eta Frantzia dira faborito. «Mexikok aspalditik jokatu izan ditu finalak. Esperien­tzia asko du. Frantziako selekzioaren kasuan, berriz, orain­txe profesional izateko kontratua sinatu dute bi pelotarik».

Gurutzealdek ere, esperientzia pixka bat bai
Astigartarrak jokatuko duen aurreneko mundiala ez da izango oraingoa. Iaz ere lehiatu zen, sub 22 mailan. Uru­guayn jokatu zen txapelketa eta txapeldunorde geratu ziren: «Mexikori irabazi ge­nion finalerdia eta finala Frantziaren aurka galdu genuen», gogoratzen du. Aurtengoa, errebantxarako garaia izan daiteke, beraz.
Nagusi mailan ariko da oraingoan Gurutzealde eta askoz maila altuagoa dagoela dio: «Bai gure artean, bai kontrarioen artean». Eta iazko esperientzia ondo etorriko zaiola dudarik ez da: «Lasaiago ateratzeko balioko du behin­tzat, jada ezagutzen dudalako».

Urte polita
Azken denboraldia nahiko ona izan da Gurutzealderen­tzat, trinketean: GRAVNI txapelketa ospetsua irabazi zuen Barandiaranekin, Espainiako Kopako finalerdietara iritsi zen… eta balorazio positiboa egin du: «Egia esan, balio izan du orain mundialerako aukeratua izateko; guztiaren emaitza etorri da».
Herriartekoa izan zen pena, ordea, final laurdenetan kanporatzea, inoizko talde onena izanik… «Oso talde ona genuen aurten, baina final laurdenetan faboritoen aurka, Donostiaren aurka tokatu zi­tzaigun eta ezin izan genuen. Azkenean, beraiek irabazi zuten txapelketa», azaldu du. Aurtengo taldea ere, konpeti­tzeko ona izango dela uste du.

Trinketea, mugituagoa
Txikitatik, sei urte ingurutatik dabil pelotan Gurutzealde, eta beti aritu izan da Astigarra­gan, Mundarron: «Frontoian hasi nintzen, eta kadetetan, trinketean ere bai. Orain bietan ari­tzen naiz, txapelketen arabera». Aukeran, trinketea mugituagoa dela dio, eta hori gustatzen zaio: «Aktiboagoa da. Fron­toian, erregulartasuna hartzen da gehiago kontuan. Posturak ere asko aldatzen dira. Trinketean aldez jokatzen da batez ere, sarera botatzeko, teknika gehiago behar da…».

Aukerak ematen dituen kirola
Astigarragan, pelotaren egoera asko aldatu dela dio pelotari astigartarrak: «Gu txikiak ginenean, jende pila izaten zen frontoian barrenera joka­tzen. Orain asko galdu da. Eta umeak eta gazteak animatu nahiko nituzke. Oso kirol polita da eta emaitzak ere etor­tzen dira, aukerak ematen ditu pelotak. Ni orain, adibidez, kanpora noa mundialera, eta inguruan ere baditut bi lagun frontoian oso ondo ibiltzen direnak». yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!